Heldulekuak, ur uherretan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

heldulekuak-ur-uherretan
Arg. Pixabay

AstraZenecaren txertoarekin gertatutakoak informazioa eta kezka nahasten dituen zurrunbilo bat sortu du. Lehendik ere urak ez zeuden erabat bare: baziren eta badira txertoei (guztiei) uko egiten dieten pertsonak, baina aldekoak diren batzuek ere errezeloz begiratzen zieten COVID-19aren txertoei, batez ere, oso azkar garatu dituztelako eta zalantzak zituzten haien segurtasunari buruz.

Gardentasuna ezinbestekoa da konfiantza sortzeko, eta garden jokatu du Sendagaien Europako Agentziak (EMA). Hura da Europako farmakozaintzaren arduraduna, eta haren egitekoa da botikek eragindako gorabehera guztiak jasotzea, ikertzea eta erabakiak hartzea. Txertoen kasuan, jarraipen hori bereziki estua da, eman zaien baimena larrialdikoa baita. Izan ere, larrialdiko egoeran gaude.

Ohikoa da saio klinikoetan azaldu edo neurtu ez diren ondorioak agertzea populazio zabalari ematean. COVID-19aren txertoekin ere hala gertatu da. Ondorio horietako asko onerako izan dira. Adibidez, ikusi dute, gaixotasuna eragozteko ez ezik, birusaren transmisioa, neurri batean, murrizteko gai direla; emakume haurdunentzat eta bularra ematen dutenentzat ere seguruak direla; AstraZenecaren bi dosien arteko tartea luza daitekeela, eta, beraz, lehen dosia uste zutena baino jende gehiagori jartzeko aukera dagoela; txerto hori bera adinekoetan ere segurua eta eraginkorra dela; eta COVID iraunkorra zuten batzuengan, sintomak desagerrarazten dituela.

Horiekin batera, ondorio kaltegarri batzuk ere azaldu dira, baina, hain dira ezohikoak, ez dute txertorik erretiratzea edo muga zorrotzak jartzea ekarri. Zein proportziotan gertatzen diren neurtu dute, pertsona jakin batzuei eragiten badie haiei ez emateko ohartarazi dute, eta erabilera-orrian gehitu dituzte xehetasun horiek. Pfizerren txertoak, esaterako, shock anafilaktikoak (erreakzio alergiko oso gogorrak) eragin ditu horretarako joera zuten pertsona bakan batzuetan. Horregatik, arrisku hori duten pertsonei ez zaie txerto hori jarriko. 

AstraZenecaren txertoarekin, berriz, ikusi dute ezohiko gertakari tronbotiko batzuekin lotura izan dezakeela. Lotura hori ikertzen ari dira, eta, kausa-efektua argitzen duten bitartean, erabilera-orrian gehitu dute, beste albo-ondorioekin batera. EMAk gardentasunez eman du horren guztiaren berri, eta txertoa segurua eta eraginkorra dela berretsi du. Gauza bera esan dute Osasunaren Mundu Erakundeak eta erreferentziazko nazioarteko gainerako erakundeek.

Hala eta guztiz ere, Europako herrialde batzuek AstraZenecaren txertoa adin-tarte batzuetan ez ematea erabaki dute. Denek ez dute adin-tarte bera zehaztu, ezta nola jokatuko duten ere dosi bakarra jaso dutenekin (bigarrena ere AstraZenecarena izango ote den, beste etxe batekoa emango zaien, edo bakarrarekin utziko dituzten). Horrek sortu du zurrunbiloa. Erabakiak ez baitira bateratuak izan eta ez baitira irizpide zientifikoetan oinarritu.

Felix Zubia Olaskoagak joan den igandean xehe azaldu zuen egunkari honetan bertan AstraZenecaren txertoak askoz onura gehiago dituela arriskuak baino. Hura bezala, asko dira (gara) zalantzak eta kezkak argitzen saiatzen direnak, baina ez da lan erraza, urak hain nahasiak daudenean.

Herritarrek heldulekuak behar dituzte; konfiantza emango dieten zenbakiak eta frogak. Eta, zorionez, txertoen eraginkortasuna eta segurtasuna erakusten duten ebidentzia garbiak daude. Espainiako adinekoen egoitzetan, adibidez, COVID-19ak bi heriotza eragin zituen joan den astean; duela bi hilabete, 791 izan ziren. Bestalde, AstraZenecarena da munduan gehien hedatutako txertoa: 115 herrialdetan ematen da, eta, Europatik kanpo, ez dute txertaketa eteteko edo mugatzeko arrazoirik aurkitu. Azkenik, txertaketak oso aurreratuta dauden herrialdeetan (Israel, AEBko zenbait leku...) hasi dira prebentzio-neurriak malgutzen.

Txertoek ez dute behin betiko irtenbidea ekarriko. Asko falta da populazioaren gehiengoa txertatzeko, eta ezin da jakin noiz lortuko den talde-immunitatea, ezta lorgarria ote den ere. Denbora batez ezinbestekoa izango da ditugun prebentzio-neurriei eustea, eta, agian, bestelako estrategiak ere ezarri beharko dira (ZeroCovid estrategia, esaterako, emaitza onak ematen ari da herrialde batzuetan). Baina, oraingoz, txertoak dira zurrunbilotik ateratzeko heldulekurik sendoenak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila