Hazkunde ekonomikoa jarri dute ingurumen-arazoen abiapuntuan

hazkunde-ekonomikoa-ingurumena
Arg. Micheile Henderson / Unsplash

Gehiegizko kontsumoa eta kapitalismoan oinarritutako aberastasuna dira ingurumen-arazoak abiatzen dituzten faktore nagusiak, ikertzaile-talde batek Nature Communications aldizkarian argitaratutako berrikuspen-artikulu baten arabera.

Zientzialari hauek adierazi dutenez, klima, bioaniztasuna eta elikadura izan dira ingurumen-arazoei buruzko ikerketetan orain arte kontuan hartu diren faktoreetako batzuk; baina gutxitan aztertu da, modu zehatzean, hazkunde ekonomikora eta aberastasuna bilatzera zuzendutako ekonomien eragina.

Horregatik, hazkunde ekonomikoaren paradigma zalantzan jartzeko beharra aldarrikatu dute. Diotenez, ingurumen-arazoei aurre egiteko "ezin daiteke teknologia soilean oinarritu", hobekuntza teknologikoak ez direlako gai kontsumoaren erritmoari eusteko.

Gehiegizko kontsumoan zein aberastasunean oinarriturako bizimoduak aldatu beharra dagoela uste dute. Ohartarazi dute norbanakoen ekintzetatik harago doala arazoa, eta, horregatik, ekoizpen sisteman "egiturazko aldaketa sakonagoak" egin behar direla diote.

Alternatiba modura zenbait mugimenduk egindako proposamenak aztertu dituzte: kapitalismoaren erreforman oinarritutakoak, eko-sozialismoa eta eko-anarkismoa. Ideologia horietatik abiatuta, besteak beste, zergen erreforma, oinarrizko errentak, eta gehienezko soldatak proposatzen dituzte, baita "erreforma liberalak" bertan behera uztea, "hiritarren asanbladak" eratzea edota zenbait produktu debekatzea ere. Norabide horretan, Extinction Rebellion edota Cooperativa Integral Catalana bezalako taldeak jarri dituzte eredutzat.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila