Haurdunaldian erretzeak fetuaren ezegonkortasun genetikoa eragin lezake

Espainiako Pediatria Elkarteak Nafarroako Unibertsitateko Pediatria Laborategia saritu du tabakoaren eta fetuaren ezegonkortasun genetikoaren arteko erlazioari buruzko ikerketa batengatik. Ikerketa hori Marta Zalakain doktoreak egin du Bideko Ama Ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia Sailarekin elkarlanean. Ikerketa horretan, hiru urtean ospitale horretan izan diren erditzeetako zilbor-hesteak jaso dituzte.

Zilbor-heste horiek lau multzotan banatu dituzte: erretzen ez duten amenak, erretzaile ohienak, haurdunaldian erretzeari utzi diotenenak eta erretzen jarraitu dutenenak. Helburua zilbor-hestearen odolean ezegonkortasunik baden edo ez ikustea izan da, amak aktiboki edo pasiboki erretzen duen kontuan izanda.

Mikronukleoak

Lan horretarako mikronukleoen entseguak erabili ditu Marta Zalakainek, berak garatu eta aplikatu duen teknika berria. Izan ere, agente genotoxiko bat zeluletara iristen denean, tabakoak duen bentzoapirenoa kasu, zelulen zatiketan eragina duten kalte genetikoak ager daitezke. Kalte horiek direla eta, hainbat kromosoma-zati nukleotik banatzen dira eta bigarren nukleo bat eratzen dute, mikronukleoa. Ama erretzaileen eta ez-erretzaileen artean mikronukleo-kopuruari dagokionez alderik badagoen edo ez ikusi nahi zuen ikertzaileak.

Aldi berean, fetuaren ezegonkortasuna neurtzeko mikronukleoen teknika eraginkorra den ala ez neurtu nahi zuen. Hain zuzen ere, Marta Zalakainek entsegu ugari egin behar izan zituen in vitro ikusteko nola aldatzen zen mikronukleoen kopurua bentzoapirenoa gehitzen zenean.

Orain, in vivo saiakeretan lehenengo aldiz ikusi dute mikronukleoen kopurua altuagoa dela haurdunaldian erretzaile izan diren amen laginetan; hala ere, emaitza horiek kontuz hartu behar dira, plazentaren hesia baitago tartean eta ez dago jakiterik ziur zenbat bentzoapireno iristen den fetura.

Bentzoapirenoaz gain, tabakismoarekin harremana duten beste hainbat markatzaile genetiko aztertu ditu ikerketa-taldeak. Izan ere, badira gorputza detoxifikatzeko (toxikotasuna kentzeko) entzima batzuk, eta, horiek, aldaera genetikoaren arabera, eraginkorragoak izaten dira pertsona batzuetan. Egun, laginen aldaera zein den zehazten ari dira ikertzaileak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila