Harea bidaiaria hareharrian

Bi ikerketa eginda, geologo batzuk ondorio deigarri batera iritsi dira: Estatu Batuetako mendebaldeko hareharria ekialdeko mendietatik etorritako hareak sortu zuen. Hau da, Utah eta Arizona estatuetako geologia ez da antzinako Mendi Harritsuetako materiala 'berprozesatzearen' ondorioa; aldiz, garai batean Ipar Amerikan ibai erraldoiak izan ziren, eta Appalache mendietatik eraman zuten harea beren ur-lasterren bidez.

Ideia hori harearen bi analisietatik abiatuta ondorioztatu dute. Lehenak, harean uranioaren desintegrazioa aztertu duenak, harea hori duela 1.000 milioi urte ingurukoa dela erakutsi du. Bigarrenean, harea-aleek harrapatuta duten helioa ikertu dute, ale horiek airearekin kontaktuan noiz jarri ziren argitzeko; emaitzen arabera, duela 500 milioi urte azaleratu zen hareharri hori, ez gehiago. Datu horiek, gainera, Appalacheetako beste datazio batzuekin bat datoz, eta horregatik uste dute geologoek harea ekialdean sortu zela eta gero mendebaldera iritsi zela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila