Haragiaren prezioa igo behar da, ingurumen-kostua bere gain har dezan

haragiaren-prezioa-igo-behar-da-ingurumen-kostua-b
Haragi ez-ekologikoan, egungo prezioarekiko % 146ko gainkostua ezarri beharko litzateke. Arg. RitaE/Pixabay

Klima-larrialdiari aurre egiteko ezinbestekoa da giza jarduera guztien ingurumen-kostuari erreparatzea. Baita nekazaritza eta abeltzaintzaren kostuari ere. Municheko Unibertsitate Teknikoko ikertzaileek egin dute ariketa, eta ondorioa oso argia da: haragiaren prezioak igo egin behar dira, arrakala handia baitago merkatu-prezioen eta kostu errealen artean, kostu klimatikoak ere kontuan hartzen direnean.

Emaitzek erakusten dute animalia-jatorriko produktuak direla berotegi-efektuko gasen inguruko kosturik altuenak dituztenak (2,41 €/kg). Horren atzetik esnekiak daude (0,24 €/kg), eta ingurumen-kosturik txikiena landare jatorriko produktu ekologikoek dute (0,02 €/kg).

Ikerketan, nekazaritza-sistemen eta elikagai-kategorien arteko bereizketa egiteari eman diote garrantzia handia, eta hori da, hain zuzen, ikerketaren ekarpen handiena; izan ere, horretan oinarrituta egin beharko litzateke prezio-igoera. Emaitzen arabera, ohiko haragian egungo prezioarekiko % 146ko gainkostua ezarri beharko litzateke, haragi ekologikoan % 71ekoa, esnekietan % 91koa eta barazki ekologikoetan % 6koa besterik ez.

Kalkuluetan nekazaritza-sistemaren aldagaia sartu izanak aukera ematen du elikagai bakoitzari dagokion prezio-igoera ezartzeko. Horrek ohiko elikagaien eta elikagai ekologikoen arteko prezio-arrakala murrizten lagunduko du, eta baliteke herritarren ohituretan eragitea, kostu klimatiko txikiena duten elikagaien alde eginez. 

Elikagaien prezioan kostu klimatikoak sartzea ezinbestekoa dela diote ikertzaileek, nahiz eta komunitate zientifikoan eztabaida dagoen ea nahikoa ote den "gehien kutsatzen duenak gehien ordaintzen du" irizpidea. Izan ere, aberatsenek beren gain har dezaketen kostu bat dela uste dute askok, eta, finean, ez duela onura handiegirik ekarriko ingurumenean, ez bada beste neurri paralelorik hartzen. 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.