Haizearen bihurrikeriak eklipse-garaian

Eguzki-eklipseetan, haizea harrotzen dela sumatzen du jende askok, baina orain arte ez zegoen azalpen zientifikorik fenomeno horrentzat.

Institut D Astrophysique De Paris

1999ko abuztuaren 11n Europan eta Asiaren mendebaldean ikusi zen eklipsean, ordea, azterketa ugari egin ziren; horien artean, eguraldiari buruzko datuak bildu ziren eklipseak egin zuen bide guztian. Datu horiek aztertuta, eklipseak iraun bitartean haizearen jokabidea aldatu egiten dela ikusi dute ikertzaileek. Ehunka kilometrotan, Eguzkiaren argia desagertu eta tenperatura jaitsi ahala haizea aldatu egin zen. Eklipsearen ondoren, haizea lehenera itzuli zen.

Presio atmosferikoaren aldaketak, aldiz, eklipsea pasatu eta ordu batzuk geroago ere sumatu ziren. Nonbait, atmosferaren goiko geruzak hoztu egin ziren eklipseagatik, eta Lurraren azalerantz pixkanaka hedatu ziren.

Ikerketa Proceedings of the Royal Society aldizkarian argitaratu dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila