H5N1 auzia: Borondatezko luzamendua bertan behera utzi dute ikertzaileek

H5N1 birusaren aldaera batzuekin ez ikertzeko duela urtebete hartu zuten erabakia bertan behera utzi dutela iragarri zuten joan den urtarrilaren amaieran ikertzaileek, Science eta Nature aldizkarietan argitaratutako gutun baten bidez. Gutunean, borondatezko luzamendua amaitutzat eman dute ikertzaileek, "ikerketei berriz ekiteko unea dela" esanez, "zientzialariek, gobernuek eta gizarteak denbora izan baitute ikerketen beharrari buruz eztabaidatzeko, eta segurtasun-neurri berriak ezartzeko".

Auzia 2012ko urtarrilean sortu zen, ikerketa-talde banak hudoen arnasbideetatik kutsatzeko gai ziren H5N1 hegazti-gripearen aldaerak sortu zituztelako. Emaitzek aditzera ematen zuten hegaztien H5N1 birusak aurreikusi baino aukera handiagoa izan dezakeela gizakien artean gripe-pandemia eragiteko, eta, eztabaida bizia piztu zen ikerketen egokitasunaz, eta informazioaren publikotasunaz. Egoerak bultzatuta, ikertzaileek 60 eguneko borondatezko luzamendua ezarri zieten ikerketei, eta, urte bete geroago, luzamendua bertan behera uztea erabaki dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila