Gorila turistikoa

Rwanda, Zaire eta Uganda artean bada Virunga izeneko bolkan-multzo bat. Hango mendietan, 2.500 eta 3.000 metro bitarteko altueran, oso gorila-mota berezia bizi da. Kolorez urdin iluna eta beltza da, ipurtaldea zilar-kolorekoa duelarik. Lautadako basoetan bizi den gorila grisa da eta morfologikoki nahiz moldaerari dagokionez, desberdina. Virunga-ko gorila honek gorputzadarrak laburragoak ditu, eskuak luzeagoak eta oina desberdina.

Gaur egun bidaia naturalistak modan daude eta Virunga mendietara turista asko hurbiltzen da gorila hauek ikustera. Bisitari-talde txikiak gero eta gehiago dituzte gorilek inguruan eta ohitzen ari dira. Edozein ez zaie inguratzen ordea. Katarroa edukitzea aski da bisita debekatzeko, tximino hauek erraz kutsatzen direlako. Duela bi urte adibidez, errubeola-izurritea detektatu zuten. Turistaren batek kutsatu zituen, noski, eta fusilez botatako xiringen bidez txertatu behar izan ziren.

Onartutako turistek gorilen inguruan gehienez ordubete egoteko eskubidea dute, baina hala eta guztiz ere jende asko dator. Rwandan behintza, gorilez bidez dibisa-mordoa jasotzen dute turismo medio. Kafea da dibisa-iturri nagusiena eta gorilengatiko turismoa bigarrena.

Hirurehun gorila bizi dira 40.000 hektareako lurraldean eta azken aldian ugaltzeko inolako oztoporik ez dute. Zaire eta Ugandan ere, ari dira mota honetako turismoarentzat bideak urratzen. Ugandan esate baterako, ehunen bat gorila zaintzen dira helburu horrekin.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila