Glifosatoa hilgarria da Euskal Herriko anfibioentzat

glifosatoa-hilgarria-da-euskal-herriko-anfibioentz
Arg. Aranzadi Zientzia Elkartea

Gaur egun landa-eremuan ez ezik hirietan ere hain erabilia den glifosato herbizidak Europako anfibio-espezieengan sor ditzakeen kalteak ikertu ditu lehen aldiz Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak. Emaitzek ondorio garbiak utzi dituzte: fabrikatzaileek gomendatzen dituzten dosien azpitik erabili arren, hilgarria da ikertutako 10 espezierentzat.

Gaur egun mundu mailan erabiltzen den herbizida erabilienetako bat da glifosatoa. Hosto zein zurtoin eta sustraietan aplika daiteke, eta landarearentzat ezinbestekoak diren aminoazidoen sintesia eragozten du. Ingurune naturaleko ekosistemetan, batik bat ur-ingurunetan, glifosatoa pilatu egiten da, eta kate trofikoa osatzen duten ordezkari guztiei erasaten die, bai oinarrizko mailako fitoplanktonari --organismo askoren elikagaia da--, baita maila garaiagoko animaliei ere, arrainei eta anfibioei adibidez.

Horrenbestez, glifosatoak Europako anfibio-espezieengan duen eragina ikertzeari ekin zion Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak. "Euskal Herrian 18 anfibio-espezie daude, eta horietatik 10 ikertu ditugu. Kopuru hori Euskal Herriko espezie guztien ordezkari aproposa izan daitekeela uste dugu", adierazi du Xabier Rubio Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologoak. Ikerketa ekotoxikologikoen lehen emaitzen arabera, fabrikatzaileek aholkatzen dituzten dosiak orain arte ikertutako anfibio-espezie europarrek jasan ditzaketen kontzentrazioen gainetik daude. Ikusi dute, orobat, dosi hilgarrien azpitik dauden kontzentrazioek anfibioen biologiari eta portaerari eragin diezaieketela epe luzera, eta geroko biziraupena baldintzatu. Horrenbestez, glifosatoaren erabilera ahalik eta gehiena murriztea gomendatzen du Rubiok. Horrez gain, proposatzen du eremu eta une jakinetara mugatzea erabilera hori, eta balio ekologiko handiko inguruneetan beste metodo batzuk baliatzea. "Esaterako, jakinda anfibioei kalte egiten diela, saiatu beharko genuke ez erabiltzen horiek ugaltzen ari diren sasoian, alegia, udaberrian eta udan. Gainerako garaietan ere kaltea eragin dezake, baina ez hainbeste", dio Rubiok.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila