Gizakien mikroorganismoak ezagutzen

Giza Mikrobiomaren Proiektuaren lehen emaitzak argitaratu dituzte

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

gizakien-mikroorganismoak-ezagutzen
Arg. BASF

“Bigarren giza genoma” deitu izan zaio gizakian bizi diren mikroorganismoen genomen baturari. Izan ere, zelulak baino 10 aldiz mikroorganismo gehiago ditugu gorputzean, eta eragin handia dute gugan. Giza Mikrobioma Proiektuko kontsortzioak 5 urteko lanak emandako emaitzak argitaratu ditu gaur 14 artikulutan: 2 Nature aldizkarian (1, 2), eta beste 12ak zientzia-aldizkari publikoetan.

2007an abiatu zuen Estatu Batuetako Osasunaren Institutu Nazionalak (NIH) Giza Mikrobiomaren Proiektua (HMP). 242 estatubatuar heldu osasuntsuri hartu zizkieten laginak; gizonezkoei, gorputzeko 15 puntutatik, eta emakumezkoei, 18tatik: larruazaleko 4 puntu, aho eta eztarriko 9 puntu, sudurzuloak, gorotzak (hestearen amaierako mikrobiomaren adierazle gisa), eta baginako 3 puntu. Eta pertsona bakoitzean hiru laginketa egin zituzten, 22 hilabeteko epean.

Lagin horien azterketa genetikoa eginda, ikertzaileen esanean, 242 pertsona horien mikrobiomaren gehiengoa identifikatu dute, eta 800 bakterioren genoma osoak deskodetu dituzte. Mikroorganismoen dibertsitatea, bai gorputzeko lekuaren arabera, bai pertsonen arabera, oso desberdina dela ikusi dute. Pertsona baten baitan, gorotzetan eta ahoan aurkitu dute dibertsitate handiena, eta baginan txikiena. Gutxi gorabeherako estimazio baten arabera, gorotzetan 4.000 espezie inguru egongo lirateke, hortzetan 1.300, sudurzuloen inguruko larruazalean 900, eta baginaren atzealdean 300 bat. Gainera, ikusi dute leku bakoitzean bakterio-talde bat edo gutxi batzuk izaten direla nagusi.

Bestalde, pertsona baten listua dibertsitate handienetakoa duen puntu bat bada ere, pertsonatik pertsonara gutxien aldatzen denetako bat da; alegia, antzeko komunitateak errepikatzen dira, batez ere, zonalde berean bizi diren pertsonetan. Eta, aldiz, besondo eta besaurrearen arteko (larruazalean) mikroorganismo-komunitateak aldatzen dira gehien pertsonatik pertsonara.

Bestalde, ikusi dute pertsona osasuntsu baten mikroorganismo-komunitateak egonkorrak direla denboran zehar, eta, hala, ikertzaileen arabera, pertsona baten osasunaren parametro interesgarri bat izan daiteke. Hain zuzen ere, “Giza Mikrobiomaren Proiektuak oinarriak jarri nahi ditu etorkizuneko giza osasunari eta gaixotasunei buruzko ikerketak egiteko” dio ikerketan parte hartu duen Broad Institutuko Dirk Gevers ikertzaileak, institutu horrek ateratako prentsa-oharrean. “Baliabide ikaragarria da hau, orain komunitate zientifikoarentzat publiko eta eskuragarri dagoena, mikroorganismo-komunitateak nola eta zergatik aldatzen diren aztertu ahal izateko”.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.