Giza ehun artifizialak egiteko euskarri hobeak nola egin proposatu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

giza-ehun-artifizialak-egiteko-euskarri-hobeak-nol
Giza hezurra imitatzen duen txitosanez eta karbonozko nanohodiz egindako nanoaldamioa. Arg. SGIKER UPV/EHU

Giza ehun artifizialetan oxigenoa eta elikagaiak hobeto garraiatzeko estrategia berri bat proposatu dute EHUko eta Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek. Ehunak egiteko euskarrien egituran dago gakoa.

Organo eta ehun artifizialak egiteko nanoaldamioak erabiltzen dira zelulak hazteko euskarri gisa. Eta erronka handienetako bat da zelulek funtzionatzeko behar duten oxigenoa eta elikagaiak ongi garraiatzea aldamio horretan zehar. “Aldamioak ehun hondatua ordeztu behar den lekuan jartzen dira; adibidez, pazienteak hezur zati bat galdu badu, hezurraren propietateak imitatzen dituen aldamio batekin betetzen da zuloa. Aldamio horietan, zelulak modu naturalean hazten dira, hazkuntza faktoreek lagunduta batzuetan” azaldu du Eneko Axpe ikertzaileak. Arazoa da, ordea, ehunetako zelula-kopurua izugarria dela (ehun gramoko 1.000 milioi zelula gutxi gorabehera), eta “zelula guztiek arnasa hartu eta elikatu egin behar dute. Bestela, hil egiten dira, eta ez da ehun berririk sortzen".

Bada, Axpek eta kideek ondorioztatu dute oxigenoa eta nutrienteak ongi garraiatzeko gakoetako bat aldamioaren molekulen arteko hutsuneak direla. Proposatzen duten estrategia da tarte horiek handitzea, horrek oxigenoa eta elikagaiak hedatzea errazten baitu. Hori baieztatzeko txitosan izeneko biopolimeroz egindako aldamioak erabili dituzte. Txitosanari karbonozko nanohodiak gehitu dizkiote; horri esker, molekulen arteko hutsuneak nahierara alda ditzakete.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila