Ginea Berriko aurkikuntzak

Azken hilabeteotan bi aurkikuntza garrantzitsu egin dira Ginea Berrian. Lehenengoa Patrice Franceschi esploratzaileak egin du, Irian-Jaya-n orain arte inork ikusi gabeko tribu bat topatu duelako. Beste aurkikutza, zuhaitzetako hamargarren kanguru-espeziearena izan da.

Ginea Berria munduko lekurik ezezagunenetakoa da. Irla bitan zatituta dago, alderdi bat Indonesiako estatuarena eta bestea Papua Ginea Berriarena delarik. Groenlandia alde batera utzita, munduko irlarik handiena da. 777.000 kilometro karratu ditu, eta erdialdean mendikatea handiak ere bai. 3.000 metrotik gorako mendiak ugari dira eta oihan tropikalez estalia dago. Horregatik da zaila, hain zuzen, bertako lurralde batzuetara heltzea.

Dena dela, azken hilabeteotan bi aurkikuntza garrantzitsu egin dira bertan. Lehenengoa Patrice Franceschi esploratzaileak egin du, Irian-Jaya-n orain arte inork ikusi gabeko tribu bat topatu duelako. Haien etxeak, jantziak eta hizkuntza inork ez zituen ezagutzen orain arte.

Beste aurkikutza, zuhaitzetako hamargarren kanguru-espeziearena izan da. Bertakoek bondezegu esaten diote eta 1,2 metro altu da. Ile zuri eta beltzak ditu eta hamabost bat kilo pisatzen ditu. Dani eta Moni izeneko tribukoentzat arbasoen ordezkari dira eta ez dituzte, ez jaten eta ez ehizatzen.

Oso bizkorra ez denez gero, galtzeko arriskuan dela uste da. Izan ere, lurreko harrapakariak ugari dituzte inguruan. Gainera ez da ahaztu behar 1890. urtean erbi kangurua ezkutatu zela, 1908.ean arratoi-kangurua eta 1924.ean Grey-ren walabia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila