Astebeteko tratamendua pilula bakarrean

gibaren-aurkako-tratamendu-sinplifikatua-garatzen-
Arg. BruceBlaus

Astean behin bakarrik hartuta Giza Immunoeskasiaren Birusaren infekzioari aurre egiteko gai izango den pilula eraginkor bat ari dira garatzen. Egungo tratamendu erretrobiralak oso eraginkorrak dira, baina derrigor egunero-egunero hartzea eskatzen dute, eraginkor izango badira. Hainbat ikerketak erakutsi dute gaixoen % 30ek bakarrik hartzen duela behar bezala, eta birusak botikekiko erresistentziak garatzea eragin dezake horrek. Horren aurrean, astean behingo pilula garatu nahian dabiltza Harvard Medical School-eko ingeniari biomedikoak, eta dagoeneko frogatu dute txerrietan eraginkorra dela.

Pilula ahoz hartu behar da. Urdailera iristerakoan, zabaldu eta izar-itxura hartzen du kapsulak. Handiegi bihurtzen da, piloroa zeharkatu eta urdailetik ateratzeko, eta barruko botika gutxika askatzen joaten da, urdailean bertan. Kapsulak hainbat botika izan ditzake barruan, izarraren beso bakoitzean jarrita bakoitza. Era berean, kapsula diseinatuta dago elikagaiek pilorotik behera pasatzen jarraitu ahal izateko, traba egin gabe.

Tratamendu berriak porrot terapeutikoa murrizten lagundu lezake, eta lagungarri izan liteke, halaber, prebentziorako erabiltzen den kasuetan ere. Era guztietara, oraindik ikerketa gehiago egiteko beharra dagoela azpimarratu dute ikertzaileek. Izan ere, txerriek ez dute GIBaren infekzioa garatzen, eta, hortaz, botikaren dosifikazioa baino ezin izan dute frogatu, ez infekzioari aurre egiteko eraginkortasuna. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

 

--> Gehiago jakiteko, irakurri Eva Poveda birologoari egindako elkarrizketa: “GIBaren tratamendua jasotzen duten pertsonek ez dute birusa kutsatzen”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila