GEORGE EASTMAN

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Asmatzaile estatubatuar hau, Waterville-n (New Yorken) jaio zen 1854. urteko uztailaren 12an. Bere ikasketak, Rochester-ko (New Yorkeko) eskola publikoan egin zituen; ez baitzuen beste inora joateko dirurik.

Eastmanen garairarteko argazki-plakak kristalezkoak ziren eta hauei emultsio bat igurtzi behar zitzaien argazkia egin aurretik. Emultsioa ez zen kontserbatzen, eta horregatik, emultsioa argazkia egin behar zen lekuan eta unean prestatu behar zen. 1878. urtean, Eastmanek jelatina nahastu zion emultsio hari eta plakan igurtzi ondoren lehortzen utzi zuen gogor zedin. Nahaste hark denbora gehiago irauten zuen eta ez zegoen argazkia egin behar zen unean prestatu beharrik.

1880. urtean, Eastman Kodak enpresa sortu zuen. Enpresa hura, argazkilaritzarako eta zinematografiarako materialean, optikan erabiltzen diren tresnetan, materia plastikotan eta zenbait produktu kimiko organikotan espezializatu zen.

Ordurarte erabilitako kristalezko argazki-plakak astunak ziren eta maneiatzen zailak. Horregatik, 1884. urtean Eastmanek kristalaren ordez papera erabiltzen zuen pelikula fotografikoa patentatu zuen. 1888an, pelikula-mota hura erabiltzen zuen Kodak kamera saltzen hasi zen.

1889. urtean, papera utzi eta beste material batez eginiko pelikula asmatu zuen. Material berri hura Hyatt-en zeluloidea zen. Plastiko hark, emultsioa disolbatzen zuen.

Zeluloidearen eragozpena, sua erraz hartzea zen eta kantitate handiak pilatuta arriskutsu bilakatzen zen. Denbora luzez aritu zen Eastman arazo hari irtenbidea aurkitu nahian, eta azkenik, 1924. urtean zeluloidea, suak hartzen zailagoa zen zelulosazko azetatoaz ordezkatu zuen.

Eastman negozio handiaren jabe zenez (gaur egun, Kodak produktuak mundu guztian zehar aurki ditzakegu) hobekuntza garrantzitsuak sartu zituen, nahiz eta garai hartan enpresan hobekuntzak sartzera derrigortuta egon ez. Hobekuntza horietako batzuk hauek ziren: gaixotasun-asegurua, jubilazioa eta bizitza-asegurua. Diru asko eman zuen ikastetxeentzat, berak jaso ez zuen hezkuntza beste batzuk izan zezaten.

1932. urteko martxoaren 14an, bizitza luze eta zoriontsua eduki ondoren, bakardadean eta hobekuntza berririk egiteko perspektibarik ezean, bere burua hil zuen Rochesterren (New Yorken).

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.