Genoma handiagoa, bizialdi luzeagoa

Neurri bereko animalien genoma tamaina oso desberdinekoa da askotan. Aldea informaziorik gabeko ADN gehiago edo gutxiago izateak eragiten du eta ez du animaliaren konplexutasunarekin inolako loturarik.

Desberdintasunak zergatik eta zertarako ziren ezezaguna zitzaien biologoei, baina badirudi Glasgow Unibertsitateko ikertzaile-talde batek azalpena aurkitu duela. 28 familiatako 67 hegazti-espezietan genomaren tamaina eta txoriaren bizialdiaren arteko erlazioa aztertu dute eta genomarik handienekoak bizialdi luzeagoak dituztela ikusi dute.

Genomaren tamainaren arabera 500 g-ko hegaztiek 7,2tik 19,4 urtera bitarteko bizialdia izango dutela aurresan dute. Ikertzaileek ezin izan dute oraindik behatutakoa erabat azaldu. Muga batetik behera genoma murritzagoak organismoaren funtzioetan eragin dezakeela iradoki dute, baina galdera asko dago erantzuteke. Izan ere, zuhaitzekin ere antzekoa gertatzen da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila