Genea nola josi, proteina bat edo beste izateko gakoa

Genea nola josi, proteina bat edo beste izateko gakoa
2008/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Lehen uste zuten gene bakoitzak proteina bat ematen zuela (gene bat, proteina bat). Alabaina, orain, ikerketa desberdinetan frogatu dute gene berak proteina bat baino gehiago eman dezakeela. Ikerketa horietako bat MITen egin dute, Wang E.T. ikertzaileak eta haren taldeak. Geneak 15 giza ehun desberdinetan sakonean aztertu dituzte, eta ikusi dute gene berak, ehun bateko zelula batekoa edo beste ehun batekoa izan, funtzio desberdineko proteinak ematen dituela.

Gakoa genea josten den eran dago. Izan ere, oso gene gutxi daude DNA-zati linealez eginda; gehienak DNAren leku desberdinetan dauden zatiak elkartuta sortzen dira, eta RNA mezularia arduratzen da zatiak josteaz. RNA mezulari hori proteina sortzeko txantiloi moduan erabil daiteke.

Orain frogatu dutenez, gene bera era desberdinetara jos daiteke; adibidez, batzuetan zati bat kanpoan utz daiteke. Prozesu horri hautazko elkarketa deitzen zaio, eta genea josteko edo elkartzeko era bakoitzak proteina jakin bat ematen du.

Beste ikertzaile batzuek ere gauza bera ikusi dute. Horretarako, Illumina bioteknologia-enpresak asmatutako teknika erabili dute: entzima baten bitartez, RNA mezularia DNA bihurtzen dute, eta horren sekuentzia aztertzen dute. Hala, hautazko elkarketaren adibideak topatu dituzte sei ehunetan, tartean, garunean, gibelean eta biriketan.

Ikertzaileen arabera, prozesu hori giza geenen % 94an gertatzen da; C. elegans zizarean, berriz, geneen % 10ean baino ez. Nonbait, horrek azaltzen du zergatik den gizakia zizarea baino konplexuagoa, biek antzeko gene-kopurua duten arren.

1
248
2008
12
018
Genetika
Berriak labur
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila