Gatza bai ala ez?

Zientzi aldizkari batean argitaratutako artikulu batek dietetika- eta osasun-munduan sekulako eztabaida piztu du. Artikulu honetan David McCarron ikertzaileak gatza osasunerako ez dela kaltegarria esan zuen, eta gatz asko hartzeak hipertentsioa eragiten duenaren ustea okerra dela. Bere ustez, fruitu eta barazki faltak eragin handiagoa du hipertentsioan gatzak baino, baina errua gatzari botatzen zaio eta, ondorioz, jendeak ez du bere dieta zaintzen. Bestalde, osasun publikoko agintariak ere gogor kritikatu zituen oinarri zientifikorik gabeko ideiak zabaltzeagatik, hauen haserrea sortuz. Erreakzioa bat-batekoa izan zen, eta mundu guztiko zientzialariek artikulua kritikatu egin zuten, inongo sinesgarritasunik ez duela esanez.

Londreseko St Georges ospitaleko G. McGregorrek dioenez, Portugalen eta Holandan gatzaren inguruan egin diren ikerketek honen eragin kaltegarria frogatu dute, baina artikuluak ez ditu ikerketa hauek aipatzen. Estatu Batuetan berriz Ardura Publikorako Zientzia erakundeak McCarronek elikagaien industriarekin lotura duela salatu du, eta artikulua interes hutsez idatzi zuela. Izan ere, idazleak artikuluan ez zuen aipatu ere egin Virginiako Gatz Institutuko kidea zenik. McGregorren ustez elikagaien industriak gatzaren fama txarra ezabatu nahi du elikagai askotan gatz ugari erabiltzen delako zaporea emateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila