Gamma izpien erupzio-mota berri bat aurkitu dute

Gamma izpien erupzio-mota berri bat aurkitu dute
2007/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA)

Gamma izpien erupzioak unibertsoan gertatzen diren eztanda bortitzenak dira. Astronomoek ez dute oso garbi zerk eragiten duen talka edo eztanda, horrelako erupzioak gertatzeko. Ez dakite noiz eta non gertatuko diren ere. Litekeena da zulo beltz bat eratzen denean igortzea. Nahaspila hori gutxi ez, eta NASAren Swift sateliteak gamma izpien beste erupzio-mota bat aurkitu du, orain arte ezagutzen zituzten bi erupzio-moten ezaugarriak dituena.

Orain arte ezagutzen zituztenak bi taldetan banatuta zituzten, luzeak eta motzak; luzeek bi segundo baino gehiago irauten dute, eta motzek, berriz, bi segundo baino gutxiago. Gamma izpien erupzio luzeak, uste dutenez, izar masiboak kolapsatzean gertatzen dira, eta erupzio motzak, antza, bi neutroi-izarrek talka egiten dutenean. Bi prozesu horietan zulo beltzak eratzen dira, eta horregatik lotzen dituzte erupzioak zulo beltzak sortzearekin.

Aurkitu duten erupzio berriak bi taldeen ezaugarriak ditu, alegia, bien arteko hibrido bat dela esan dute astronomoek. Ehun segundo inguruko iraupena du; beraz, gamma izpien erupzio luzeen taldean sartu beharko litzateke. Arazoa da ez dela izar masiboen leherketaren arrastorik ere ageri. Alderantziz, erupzioan behatu dituzten ezaugarriek adierazten dute gamma izpien erupzio motzen antzeko portaera izan duela.

1
229
2007
3
011
Astronomia
Berriak labur
6

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.