Gailurrak koskaz koska, sakelakoan

Hiru dimentsioko mendi-mapak Androiden kontsultatzeko aplikazioa garatu dute

Portugal Gonzalez, Amaia

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

gailurrak-koskaz-koska-sakelakoan
María Teresa Ruiz Monzón, aplikazioarekin. Arg. Juan Carlos Ruiz / Argazki Press

Android sistema duten smartphoneetan hiru dimentsioko geolokalizazioa baliatu ahal izateko aplikazioa garatu du UPV/EHUko informatika-ikasle batek. Horixe izan da, hain zuzen, Maria Teresa Ruiz Monzónen ikasketa-amaierako proiektua. Mendizaleentzat pentsatutako Google Earth baten modukoa da, mendian lainoa sartuz gero bidea aurkitzeko gai izan daitezen eta amildegiak saihestu ditzaten.

Ruizek Eusko Jaurlaritzaren www.geoeuskadi.net webgunetik hartu ditu mapa erliebedunak eta EAEko gainerako datu geografikoak. Bestalde, smartphoneek izan ohi duten iparrorratz elektronikoa baliatu du, aplikazioak identifika dezan erabiltzailea non dagoen eta horrenbestez zer mapa erakutsi behar duen. “Iparrorratza kamera moduan erabiltzen dut. Telefonoa nora begira dagoen detektatzen dut, eta zati horretan dagoen lurrazala marrazten diot, hor zer dagoen ikusteko”, esan du. Unean uneko geolokalizazio-kontsultak egiteko, Interneten beharra du tresna honek, noski, baina sarerik gabe funtzionatzeko aukera ere ematen du, fitxategiak aurrez txartel batean deskargatzen badira.

Txindoki mendia, Androiderako aplikazioan. Arg. María Teresa Ruiz Monzón

 

Iturria: www.basqueresearch.com

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila