Fusioa burbuiletan zalantzan

Science

Martxoan, Science aldizkariak polemika sortu zuen zalantzazko artikulu bat argitaratzea erabaki zuelako; oraintsu argitaratutako ikerketa berri batekin, zalantza hori handitu egin da.

Martxoan, fisikari estatubatuar batzuek, Tennesseeko Oak Ridge laborategikoek, fusio hotza eragitea lortu zutela idatzi zuten artikulu batean. Taldearen burua Rusi Taleyarkhan fisikaria zen. Erakunde bereko beste talde bat saiatu zen esperimentua errepikatzen, baina ez zuen lortu. Hala eta guztiz ere, Science aldizkarikoek Taleyarkhanen artikulua argitaratzea erabaki zuten; erabaki hori justifikatzeko, martxoaren 8ko zenbakian, Donald Kennedy editoreak To Publish or Not to Publish editoriala argitaratu zuen.

Science

Esperimentu horretan, azetona erabiliz ustez fusioa egitea lortu zuen; disolbatzaile horretan sortutako burbuiletan, deuterioa fusionatu zen soinu-uhinen eraginaren ondorioz. Ustez, fusioa burbuilen inplosioan gertatu zen. Orain, Illinoiseko Unibertsitateko talde batek burbuilen inplosioa behatu du beste esperimentu batean; Nature aldizkariaren uztailaren 25eko zenbakian argitaratu dira emaitzak.

Aire-burbuilak erabili dituzte uretan. Soinu-uhinen eraginpean jarri dute martxan prozesua, eta burbuilen inplosioa gertatzen denean barruan harrapatutako gasen arteko erreakzioak gertatzen direla ikusi dute. Erreakzio horiek fusioa gertatzeko beharrezkoa den beroa xahutzen dute. Ondorioz, erreakzioek fusioa eragozten dute: berriz ere ikusi da fusio hotza ia ezinezkoa dela.

Science aldizkarikoen erabakia ez zen, beraz, oso aproposa izan; hori dela eta, hainbat iritzi kritiko kaleratu dira. Gainera, mugarik gabeko energiaren itxaropena urritu egin da berriz ere.

Fusio hotzari buruzko esperimentu haiek Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren apirileko zenbakian azaldu genituen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila