Fruta-eulien bi barne-erlojuak

Gizakia ez da erloju biologikoen menpe bizi den izaki bakarra. Izan ere, animalia gehienek barne-erlojuak dauzkate 24 orduko argitasun- eta iluntasun-zikloetara moldatzen laguntzeko. Fruta-euliekin egindako ikerketa berriek erakutsi dute intsektu horiek bat beharrean bi erloju zelular dituztela.

Beste animalia egunsentiarren modura, euliek ere bi jarduera-erpin dauzkate: bata egunsentian eta ilunabarrean bestea. Tarte horietan euliak estaltze-lanetan zein janari bila aritzen dira. Gainerako denboran zehar, aldiz, fruta-euliek oso aktibitate gutxi izaten dute. Baina, nola kontrolatzen dute euliek jarduera aldakor hori?

Duela gutxi, Frantziako eta Estatu Batuetako bi ikerketa-taldek aurrerapauso handia egin dute fruta-eulien erloju biologikoa ezagutzeko. Bi talde horiek, estrategia ezberdinak erabiliz, ondorio berera iritsi dira: fruta-euliek garunean bi barne-erloju dituztela, bata eguneko eta bestea gaueko jarduerak kontrolatzeko. Aurkikuntza hori lagungarri izan liteke geure barne-erlojua ezagutzeko. Izan ere, zientzialarien ustez, posible da euliek bezala ugaztunek ere, gizakiak barne, bi erloju biologiko izatea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila