FOXP2 genearen mutazio bati esker ikasten ditugu mintzatzeko mugimenduak

foxp2-genearen-mutazio-bati-esker-ikasten-ditugu-m
FOXP2 genearen egitura. Arg. Emx/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera

Washingtonen egindako Neurozientzien Kongresuan, FOXP2 geneari buruzko ikerketa bat nabarmendu da. Berez, saguetan egindako ikerketa bat da, baina ondorioak pertsonen bereizgarrietako batekin lotuta daude, hitz egiteko gaitasunarekin, alegia. Izan ere, sagu horiek FOXP2 genea mutatuta zuten, gizakienaren berdina izan zedin, eta ikusi dute sagu horiek arruntek baino errazago ikasten dituztela mugimendu batzuk. Ikertzaileen ustez, horrek iradokitzen du mintzatzean egiten diren mugimendu konplexuak ikasteko lagungarri izan daitekeela mutazio hori.

Max Planck Institutuko Antropologia Ebolutiboa saileko Christiane Schreiweis neurologoak aurkeztu du ikerketa. Sail horretan urteak daramatzate FOXP2 genea ikertzen. Adibidez, duela urte gutxi batzuk, sagu batzuk genetikoki eraldatu zituzten, FOXP2 genearen giza bertsioa izan zezaten.

Orduan frogatu zuten sagu haiek ez zirela ausartzen arruntak bezainbeste ingurua miatzera. Horrez gain, amengandik banatutakoan egiten zituzten garrasiak ezohikoak ziren, bereziak. Haien neuronek sagu arruntenenak baino dendrita gehiago zituzten, eta luzeagoak ziren; horrek neuronen arteko komunikazioa errazten zuen. Eta ikastearekin eta oroitzearekin lotutako zelula batzuk ere eraldatuta zituzten.

Oraingoan, berriz, Schreiweisek erakutsi du FOXP2 genearen giza bertsioa duten saguek azkarrago ikasten dutela sagu arruntek baino. Horretarako, sagu mutatuak eta arruntak entrenatu zituen, ikuste-seinale batzuei jarraituz bide egokia topa zezaten. Bada, sagu arruntek mutatutakoek baino 4 egun gehiago behar izan zituzten mutatutakoek 8 egunean lortu zutena lortzeko.

Ikertzailearen ustez, genearen giza bertsioak eman die ikuste- eta ukitze-prozesuak hobeto integratzeko ahalmena. Eta hortik ondorioztatu du FOXP2aren mutazioak eman digula gizakioi oinarrizko hotsak sortzeko eta hitzak eratzeko egin behar ditugun mugimenduak ikasteko gaitasuna.

Itziar Laka EHUko hizkuntzalariak hizkuntzaren eta garunaren arteko erlazioa ikertzen du, eta, haren iritziz, Max Planckeko ikertzaileek egindako aurkikuntza "garrantzitsua" da. Haren hitzetan, "ez da erraza izango" jakitea zer lan egiten duen zehatz-mehatz FOXP2 geneak, baina orain aurkeztu duten ikerketak "itxura ona du". Hitz batean, "oso lan interesgarria" iruditu zaio.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila