Fokuetatik kanpo, min

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

fokuetatik-kanpo-min
Arg. Artxibokoa

Otsailaren 11 Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna izan zen. Komunikabideetan ohi baino oihartzun handiagoa izan zuten zientzialari emakumezkoek, eta arlo zientifiko-teknikoan berdintasuna lortzeko eman diren pausoak nabarmendu ziren. Horrekin batera, ekintza ugari egin ziren, adibidez, neska gazteak zientzia-mundura erakartzeko, bereziki, gutxiengoan dauden diziplinetara (fisika, ingeniaritza batzuk, informatika…). Baina gehiegizko distirak ez gaitzala itsutu: fokuak itzaltzen direnean, ingurunea oso dago ilun.

Horren erakusle da The Lancet medikuntzako aldizkariak egun horren harira plazaratutako zenbaki berezia. Editorialaren izenburuak ez du zalantzarako tarterik uzten: “Feminismoa denontzat da”. Zenbakia osatzen duten ikerketa-artikuluek arrazoiez janzten dute izenburua.

Horietako batean, esaterako, 1980-2016 urteen artean argitaratutako 11,5 milioi ikerketa aztertu dituzte, eta ondorioa negargarria da: ikerketa medikoetan emakumeak gutxietsita daude, eta ez dira aintzat hartzen sexuen artean dauden diferentzia genetikoak, fisiologikoak, ezta sendagaiek batzuengan eta besteengan izan ditzaketen eragin desberdinak ere. Oraindik, gizonak dira zentroa: sarritan, haiek dira ikerketa-buruak, haiek dira neurria, eta haientzat diseinatzen dituzte tratamenduak.

Horrek sortzen dituen arazoak gainditzeko, duela urte batzuk erakundeek neurriak hartu zituzten, eta, esaterako, AEBtako Osasun Institutuak irizpide garbiak ditu, zelula eta animalia emeak ere erabiltzeko esperimentuetan, eta emakumeek ere parte har dezaten saio klinikoetan. Antzeko neurriak daude Europako Batasunean ere.

Alabaina, The Lancet-eko ikerketak agerian jarri du neurri horiek ez direla nahikoak: 1997tik 2001era merkatutik erretiratutako hamar botikatatik zortzi kaltegarriagoak ziren emakumeentzat gizonentzat baino.

Emakumeak proba klinikoetan baztertzeko gehien erabiltzen den aitzakia da gorabeheratsuagoak direla, hilekoaren zikloaren ondorioz. Alabaina, zenbait alderditan, gizonek emakumeek baino gorabehera handiagoak izaten dituztela frogatu da. Eta, hala ere, zer zaila den estereotipoak eraistea!

Mina da horren adibide. Hau da 2001eko artikulu zientifiko baten izenburua: “Minez garrasi egiten duen neska: emakumeen aurkako isuria, minaren tratamenduan”. Artikuluak erakusten zuen, oro har, emakumeek gizonek baino gehiagotan izaten dutela mina, sakonagoa dela, eta gehiago irauten duela, eta, hala ere, ematen zaien tratamendua eskasagoa dela.

Bada, 2017an argitaratutako beste ikerketa baten arabera, egoera ez da aldatu, ez, behintzat aztertutako adin-tartean (18-24). Medikuek emakume gazteen mina gutxiesteko joera dutela erakusten du ikerketak. Hori ohikoa izaten da, besteak beste, endometriosi-kasuetan eta sexu-erasoetan. Bada garaia fokuak txoko ilunenetan ere jartzeko, eta “Nik sinesten dizut” aldarrikatzeko, baita zientzian ere.

Berria egunkarian argitaratua

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila