Fitoplanktona egokia da karbono dioxidoa hondoratzeko

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

fitoplanktona-egokia-da-karbono-dioxidoa-hondoratz
EIFEX esperimentuaren barruan egin duten saio handi bat. Polastern itsasontziatik isuri zuten burdina itsasora fitoplanktona ugaritzeko eta haren eboluzioari jarraitzeko. Goian, Cahetoceros atlanticum, fitoplanktonaren espezietako bat. Arg. Marina Montresor, SZN eta Alfred Wegener Institute

Itsas zientzialarien talde batek esperimentu erraldoi bat egin du jakiteko itsasora burdina gehituta fitoplanktona ugaritzea eraginez lortu daitekeen karbono dioxidoa hondoratzea. Emaitza baiezkoa izan da: fitoplanktona oso egokia da karbono dioxidoa itsasoan hondoratzeko. Batzuen ustez, efektu hori are eskala handiagoan gertatuz gero, klima hoztea eragingo luke.

Ideia John Martin ekologoak azaldu zuen. “Emadazue burdinaz betetako ontzi handi bat, eta hurrengo izotz-aroa eragingo dut” esaten zuen. Burdina ongarria da fitoplanktoneko algentzat, eta algen bloom bat eragin dezake, hau da, bat-bateko ugaritze bat itsasoan. Algak karbono dioxidoa xurgatuz hazten dira; asko ugaritzen dira eta  atmosferatik  karbono dioxidoaren kantitate handia xurgatzen dute. Ustez, Lurraren berotegi-efektua txikitzeko adinakoa izan liteke, eta hala gertatuz gero, klima hoztu egingo litzateke.

Baina efektuak iraungo badu, algak hondoratu egin behar dira; bestela, karbono dioxidoa berriz azaleratzeko eta atmosferara itzultzeko arriskua egon liteke. Hain zuzen ere, Handelshafengo  Itsasoko eta Poloetako Ikerketarako Institutuan, Alemanian, horixe frogatu dute biologoek: hondoratu egiten direla. EIFEX proiektuaren barruan (European Iron Fertilization Experiment), eskala oso handiko saioa egin dute horretarako. Hamalau tona burdina isuri zuten itsasoko zurrunbilo batean, eta uraren mugimenduak barreiatu egin zuen. Handik bi astera, satelitez ikusteko moduko fitoplankton-ugaritze bat agertu zen. Denborarekin, zooplanktonak fitoplankton hori jan zuen, eta zientzialariek jarraipena egin zieten hondakinei —zooplanktonaren gorotzei eta alga hilen zelulei—. Biomasa horren erdia baino gehiago mila metrotik behera hondoratu zen; adituek uste dute karbono dioxido hori mende batzuetan egongo dela hondoratuta.

Esperimentuak bi irakurketa izan ditu. Alde batetik, iraganekin lotutakoa: klimaren hozteak itsasora erortzen den burdin hautsarekin izan dezake lotura. Eta, bestetik, etorkizunekoa: batzuen ustez, burdina itsasora isurita hoztu egingo da klima, oso burdina kantitate handia baldin bada behintzat. Dena den, ikertzaileek azpimarratu dute, oso kontuan hartu beharko litzatekeela horrek zer ondorio ekologiko izango lituzkeen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila