Fetuaren larruazaleko zelulak, erredurak sendatzeko

Suitzako ikertzaile batzuek metodo berri bat probatu dute erredura larriak sendatzeko, eta emaitzak benetan onak izan dira. Zehazki, fetuen larruazal-zelulak erabili dituzte azala berritzeko.

Hain zuzen ere, 14 aste zituen fetu baten larruazaletik erauzi zituzten zelulak. Segidan, kolagenozko oinarri batean hazi zituzten, eta, bi egunean, milioika zelula zituzten ikertzaileek. Zelula horiek erredura larriak zituzten zortzi paziente tratatzeko erabili dituzte. Zelulak zaurietan jarri, gaza batekin estali, eta, bi asteren buruan, sendatuta zeuden erabat.

Ohiko metodoekin sei aldiz denbora gehiago behar izaten da horrelako erredurak sendatzeko. Gehienetan, azal-mentuak egiten dira; hau da, beste toki bateko azala kentzen da, eta erretako zatian txertatzen da. Baina hilabeteak behar dira sendatzeko, eta orbaina gelditzen da. Larruazal-zelulak erabilita, berriz, ez da batere arrastorik gelditzen, izugarri malguak baitira.

Metodoaren alde onak agerikoak badira ere, litekeena da toki batzuetan eztabaida sortzea, zelulak abortatutako fetutik erauzten baitira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila