Desagertutako kumulu globular baten arrastoak aurkitu dituzte

fenixeko-korrontea
Fenixeko Korrontea (ezkerrean) eta ikerketa egiteko baliatu dituzten izar erraldoi gorrien irudikapenak (eskuman). - Arg. Swinburne Astronomy Productions/S5 Collaboration.

Duela bi mila milioi urte, Esne Bidearen grabitateak 62.000 argi-urtera zegoen kumulu globular bat birrindu zuen Fenix konstelazioan. Orain, desagertutako egitura horren arrastoa bereizteko moduan egon dira astrofisikariak: izar-korronte baten itxura hartu du.

Hari begira jarri direnean, gainera, ezustekoa hartu dute. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaldu dutenez, antzinako kumulu horretako izarrek gainerako kumulu globularretakoek baino elementu astun gutxiago dauzkate. Osaketa horren arabera, askoz zaharragoak lirateke. Horregatik uste dute Fenixeko Korrontea izendatu duten egitura hori orain arte ezagutzen ez den kumulu globular mota berezi baten azken seinalea litzakeela, eta Esne Bidean dauden 150 inguru kumulu globularrak baino askoz lehenago sortu zela, hidrogenoa eta helioa baino astunagoak ziren elementuak hain eskura ez zeuden unibertsoaren hasierako uneetan.

Gure galaxiaren haloan antzeko adina duten izarrak badira, baina sakabanatuta daude. Fenixeko Korrontearen kasuan, ordea, izar horiek oraindik desegin ez den egitura baten barruan mantendu dira, eta horregatik astronomoek kumulu globularren eraketari buruko informazio baliotsua eskuratzea espero dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila