Ez dute erlaziorik aurkitu mugikorrak erabiltzearen eta buruko tumoreen artean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ez-dute-erlaziorik-aurkitu-mugikorrak-erabiltzeare
Arg. Artxibokoa

5G teknologiaren zabalpenak berpiztu egin du mugikorren uhinek osasunean izan dezaketen eraginari buruzko kezka. Orain, Oxford Unibertsitateak gidatutako ikerketa batek emaitza guztiz lasaigarriak eskaini ditu, Erresuma Batuko Miloi bat Emakumeen Ikerketaren datuetan oinarrituta. 

Ikerketa horretan Erresuma Batuan 1935-1950an jaiotako lau emakumeetatik batek parte hartzen du, eta 776.000 parte-hartzailek mugikorraren erabilerari buruzko galderak erantzun dituzte 2001ean eta 2011n. Hamalau urtez, buruko tumoreak izan ote dituzten aztertu dute, eta ondorioztatu dute ez dagoela inolako erlaziorik mugikorrak erabiltzearen eta tumoreen artean.

Journal of the National Cancer Institute aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, eta zein tumore-mota aztertu duten ere zehaztu dute: glioma, neuroma akustikoa, meningioma eta pituitariaren tumoreak, baita begienak ere. Ez dute inolako erlaziorik ikusi tumore horien eta mugikorraren erabileraren artean. Adibidez, mugikorra erabili eta tumoreren bat izan dutenetan, tumoreak berdin garatu dira eskuinean eta ezkerrean, nahiz eta telefonoa eskuinean erabiltzeko askoz ere joera handiagoa zuten. 

Hala eta guztiz ere, egileek ohartarazi dute ez dutela daturik mugikorra denbora luzez erabiltzen dutenei buruz. Hain zuzen, ikerketan parte hartzen duten emakumeetatik % 18k soilik erabiltzen du mugikorra 30 minutu astean baino denbora gehiagoz. 

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila