Europar gehienon arbasoak hiru taldetakoak zirela argitu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Gaur egungo europar gehienon arbasoak hiru populazio-taldetakoak zirela erakutsi dute, azterketa genetiko sakon baten bidez. Nazioarteko hainbat ikertzailek egin dute azterketa, Harvard Unibertsitatekoen gidaritzapean, eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte ondorioak.
europar-gehienon-arbasoak-hiru-taldetakoak-zirela-
Duela 8.000 urteko Suediako emakume baten garezurra. Haren DNA europarren jatorria argitzeko ikerketan erabili da. Arg. Fredik Hallgren/Nature

Artikuluan azaldu dutenez, jakina zen egungo europarrok Ekialde Hurbileko migratzaileen eta Europako ehiztari-biltzaileen ondorengoak garela. Baina antzinako bi populazio horien parte-hartzea ez zen nahikoa azaltzeko zergatik ditugun baita ere jatorrizko amerikarrekin ahaidetzen gaituzten ezaugarri genetikoak. Hutsune hori osatzeko asmoz egin dute, beraz, orain aurkeztu duten ikerketa.

Hala, 7.000 urteko Alemaniako nekazari baten eta 8.000 urteko Luxenburgoko eta Suediako zortzi ehiztari-biltzaileen genomak deskodetu dituzte.Horiekin batera,  lehendik deskodetuta zeuden antzinako hainbat genoma ere aintzat hartu dituzte, eta gaur egungo 2.345 europarren genomekin alderatu dituzte. Oraingo europar horiek 203 populaziotakoak dira, eta tartean euskaldunak daude (Basque), Espainiako iparrekoetatik (Spanish_North) eta Frantziako hegokoetatik (French_South) bereizita.

Horrez gain, Europatik kanpoko beste populazio batzuk ere sartu dituzte azterketan. Azkenean, ondorioztatu dute europar gehienon arbasoak hiru taldetakoak zirela: Europa mendebaldeko ehiztari-biltzaileak, ipar eurasiarrak (Goi Paleolitoko siberiarrekin erlazionatutakoak) eta Europako lehen nekazariak (Ekialde Hurbileko eta Europa mendebaldeko ehiztari-biltzaileen antzinako ondorengoak).

Talde bakoitzak besteei egindako ekarpen genetikoa ere aztertu dute. Nonbait, Europa mendebaldeko ehiztari-biltzaileek beste talde guztietan eragin zuten genetikoki, Ekialde Hurbilekoengan izan ezik. Ipar eurasiarrek denengan izan zuten eragina, baita Ekialde Hurbilekoengan ere. Eta, azkenik, lehen nekazariak batez ere Ekialde Hurbilekoenen ondorengo ziren, baina Europa mendebaldeko ehiztari-biltzaileen eragina ere jaso zuten.

Horrenbestez, europarron orain arteko zuhaitz genealogiko osatuena lortu dute ikertzaileek. Hala ere, aitortu dute pare bat kontu geratu zaizkiela argitzeko: batetik, noiz eta non nahastu ziren Ekialde Hurbileko nekazariak Europa mendebaldeko ehiztari-biltzaileekin; eta, bestetik, noiz bihurtu ziren antzinako ipar eurasiarrak europarron arbaso. Bukatzeko, adierazi dute, europarron genoma hobeto ezagutzeko, komenigarria litzatekeela sakonago aztertzea Ekialde Hurbileko antzinako genoma.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila