Estatus handieneko makakoek kokainaren menpekotasun txikiagoa dute

Henry Kissingerrek esan ohi zuen bezala, boterea afrodisiakorik hoberena izan daiteke; orain, drogak baino hobea ere izan daitekeela uste dute zientzialariek. Izan ere, makakoekin egin duten esperimentu batean ikusi dute estatus handiena dutenek kokainaren menpeko bihurtzeko aukera gutxiago dutela.

Estatusaren eta drogen menpekotasunaren artean loturarik ote zen edo ez ikusteko, 5 taldetan banatu zituzten makakoak maila sozialaren arabera. Beraien dopamina errezeptoreen, D2, kopurua zenbatuz, maila goreneko makakoek kopuru handiagoa zutela ikusi zuten. Ondoren, makakoei palanka bati eragiten irakatsi zieten.

Hori ikasita, hodi batzuetara lotu zituzten, gatzezko soluzio bat edo kokaina-dosi bat aukeran jarrita. Palankari zenbat aldiz eragiten zioten aztertuta, ikusi zuten estatus txikiagokoek askoz nahiago zutela kokaina dosia gatzezko soluzioa baino. Aldiz, estatus handiagokoetan bi aukeren arteko ezberdintasuna ez zen hain nabaria. D2 errezeptoreen maila altuek drogen menpekotasunetik babes dezakeela froga lezake honek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila