Esporak ernatzea saihesteko isurtzen dute onddoek onddo-usaina

Esporak ernatzea saihesteko isurtzen dute onddoek onddo-usaina
2011/06/01 | Elhuyar
Aspergilus nidulans onddoan ikusi dute onddo-usainaren funtzioa esporak ernatzea saihestea dela. Arg.: Plasmidmap.

Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Zientzien Fakultateko ikertzaile-talde batek aurkitu du zer funtzio duen onddo-usainak. Hain zuzen, ikusi dute onddoen espora asexualek isurtzen dituztela usain berezi hori ematen duten konposatu lurrunkorrak, eta esporak ernatzea saihesten dutela inguruan pilatzen direnean.

Onddo bakoitzak bere konposatu lurrunkorren konbinazioa isurtzen badu ere (hatz-marka lurrunkorra esaten diote adituek), konposatu horietako asko onddo guztietan egoten dira, hala nola 1-okten-3-ol alkohola. Hori da EHUko ikertzaileek aztertu duten konposatua, Aspergilus nidulans espeziean. Alkohol horrek esporak ernatzea saihesten duenez, alkoholaren funtzioa ingurune jakin batean dagoen espora-dentsitatearen berri ematea dela ondorioztatu dute ikertzaileek. Zenbat eta usain handiagoa egon, orduan eta espora gehiago dago, eta, hortaz, ezegokiagoa da ernatzeko. Arrazoia edozein dela ere, esporak sakabanatu egiten badira, konposatu lurrunkorra desagertu, eta esporak ernatu egiten dira.

Onddoen garapen-faseak zehazten dituzten prozesuek bi motatako seinaleen aurrean erantzuten dute: inguruneko kinaden eta seinale endogeno autoerregulatzeileen aurrean. Adibidez, ikusi dute lurrazalera ateratzea eta atmosferarekin kontaktuan jartzea indar handiko kinada dela espora asexualak sortzeko (konidioak). Espora horiek, ondoren, hazkuntza-kondizioak egokiak direnean, ernatu egiten dira. EHUko ikertzaileek aurkitu dutenez, ordea, esporek ere seinaleak igortzen dituzte, eta ernatzea eteten dute asko pilatzen direnean. Hala, bermatu egiten dute lurzorua modu eraginkorrean kolonizatzea.

1-okten-3-ol alkoholaren eragin erregulatzailea aurkitzeaz gainera, ikertzaileek frogatu dute horrekin lotuta dagoen konposatu batek (3-oktanona) onddoaren beraren hazkuntza inhibitzen duela ingurune bat neurriz gain kolonizatzen bada, eta esporak sortzera bultzatzen duela. Bigarren mekanismo hori ere aurkitzeak adierazten du konposatu lurrunkorren hizkuntza espero baino nabarmen aberatsagoa eta konplexuagoa dela. Fungal Biology aldizkarian argitaratu dute egindako lana.

1
276
2011
6
007
Biokimika; Ekologia; Botanika
Albisteak
17
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila