Espaziotik sortutako lurrikarak

1990-93 artean gertatutako mugimendu sismikoak ikertzen aritu ondoren, horietako bi oso materia bereziak sortu zituela iradoki dute Estatu Batuetako ikertzaileek; espaziotik iritsi eta, 400 kilometro segundoko abiaduran, Lurra alderik alde zeharkatu zuen zerbaitek.

Materia berezi hori quark u, quark d eta quark s-ez osatuta dago eta oso dentsoa da. Pentsa, zelula baten tamainako pieza batek tona bat pisatuko luke Lurrean. Horrelako batek Lurra zeharkatuz gero, Hiroshimako bonba nuklearrak baino bost bider energia gehiago askatu eta sismografoetan oso arrasto berezia utziko luke. Eta, hain justu, ikertzaile estatubatuarrek arrasto horietako bi aurkitu dituzte 1993ko erregistro sismikoetan. Urte hartan, beste inolako azalpenik ez duten bi gertakari erregistratu ziren.

Urriaren 22an, zerbait Antartikatik sartu eta India hegoaldetik irten zen 0,73 segundo geroago. Azaroaren 24an, berriz, Australia hegoaldetik sartu zen objekturen bat eta Antartikatik gertu irten 0,15 segundora. Quark arraroak izan zirenik ezin daiteke ziurtatu, baina ez omen dute beste azalpenik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila