Eskualde epeletako basoak ere arriskuan

Oihan tropikalen etorkizunari buruzko berri kezkagarri asko heltzen zaizkigu azkenaldi honetan. Litekeena da urrutiko arazoetan gertukoetan baino arreta handiagoa jartzea, iritzia eman eta jarrerak finkatzea errazagoa delako, zeren, ezaguna baita eskualde epeletako basoak ere desagertzen ari direna (berauek dira munduko basoen erdia).

Gertakari honek ordea, ez gaitu itxuraz hainbeste hunkitzen. Kontutan hartu nahi dena aberastasuna bada, baso epelek eta tropikalek ez dute beren artean horrenbesteko diferentziarik. Aberastasuna ez baita espezie-zerrendaren luzera handiago edo txikiagoaren kontua; ekosistema propioa osatzearena baizik.

I.X.I.

Gobernu askok ez du arazoa bere gain hartu nahi eta azken 50 urte hauetan baso epelen azalera mantendu eta neurri batean handiagotu egin dela erantzuten dute. Hori egia bada ere, benetako arazoa ezkutatzeko besterik balio ez duen arrapostua da. Jatorrizko baso primitiboaren ordezko espezie bakarreko basoak dira estatistika horren atzean daudenak.

Mendebaldeko Europan arazoa aspaldikoa da. Gure etxeko kontu ezagunak ez aipatzeagatik, esan dezagun, adibidez, Suedia edo Eskozian jatorrizko basoa % 1era besterik ez dela heltzen. Baina beste lurralde batzuetan fenomenoa berriagoa da. Txilen, esate baterako, bertako basoen % 20 dagoeneko gure inguruetan hain ezaguna dugun pinus radiata edo intsinis pinuzkoak dira. Hemen pinua sartzeko arrazoiak zeintzuk izan diren badakigu eta ez da zaila Txilekoa ere ulertzea.

Baina errentagarritasuna lortu behar horrek mugarik ez duenez, Errusiako Siberian ere hasiak dira bertako basoak ustiatzen eta beste landareak sartzen. Japoniako 10 enpresak 5 urterako kontratua sinatu dute Errusiarekin eta badirudi beste enpresa iparramerikarren batek ere interesa baduela Errusiako ekialdeko basoen ustiapenari ekiteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila