Erronka anitza

Erronka Berriak Kimikan izenez burutu diren ihardunaldiak amaitu dira jadanik eta hortaz, gogoetarako garaia iritsi dela uste dut.

Hitzaldi-zikloa antolatzea erabaki genuenean, helburu nagusi batzuk finkatu genituen. Ihardunaldien ekarpen nagusiak bada, ondoko hiru arlotan emango zirela aurreikusi genuen: ikasleek kimikaren irudi aurrerakoia jasotzea, Unibertsitatearen eta enpresen arteko harremanak sendotzea eta enpresariek, hitzaldietara gonbidatutako hizlariengandik informazio garrantzitsua zuzenean jasotzea.

Biokimikaren iraultza azalduz edota fibra berri eta miresgarriak nola egiten diren aztertuz, hitzaldi-sorta paregabea eskaini digute ihardunaldiotara etorritako adituek. Bestalde, kasu batean gutxienez, enpresetara egindako bisitek ere emaitza bikainak eman dituzte eta horrela adierazi ziguten bai ikasleek eta baita enpresariek ere. Horri guztiari dagokionez beraz, Erronka Berriak Kimikan ihardunaldiek bere maila lortu dutela esan genezake.

Urtebetez antolatze-lanetan aritu ondoren ordea, benetako erronkak aurrez aurre agertu zaizkit, astindu bat edo beste jasotzearekin batera. Gure ahaleginak enpresen interesengandik urrun samar daudela ikusterik izan dut; ihardunaldiak babestu dituzten enpresek ekimen hori irudizko ekitaldi hutsatzat hartu izana da esandakoaren froga. Era berean, antolatutako ekitaldietara guk nahi baino enpresari gutxiago azaldu zen, nahiz eta enpresa berriak sortzeko asmoz bertaratu ziren gazteak asko izan.

Egoera horri erantzun bat emateko, bi datu nagusi hartu behar dira kontutan: bata, Hego Euskal Herria enpresa txiki eta ertainez (250 langile baino gutxiagokoez) osatuta dagoela eta horiek Barne Produktu Gordinaren %90 baino gehiago sortzen dute. Bigarrena, enpresa horietako jabe edo kudeatzaileen %7ak baino ez dute goi-mailako titulaziorik. Aipaturiko bi faktore horiek, hau da, enpresen tamaina eta zuzendaritzaren hezkuntza maila akademiko mugatua, oztopo handiak dira Unibertsitatearen eskutik jasotako eskaintzari behar bezala erantzuteko eta neurri berean, behar bezalako etekina eskuratu ahal izateko.

Ekitaldiaren maila jaisterik ez dago; aurrera egin nahi badugu, kalitatezko produktuak eskaini beharko ditugu eta horrek, ezinbestean, ikerketa eta prestakuntza eskatzen ditu.

Ondorioz, zubi bat eraiki beharra dago ondo prestaturik dauden ikasleak enpresaren munduan barnera daitezen. ADEGILAN izeneko erakundearen helburua horixe da eta horretarako, PRAXIS eta FINEST izeneko programa berriak jarri ditu martxan, horien bitartez ikasleak enpresetara bideratzeko, hain zuzen. Balio bezate programa horiek Unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanak estutzeko. Eta bitartean, jarrai dezagun erronka berriei aurre egiten, bai kimikan eta baita gainerako disziplinatan ere.

Amaitzeko, Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariak egitasmo horri emandako sostengua eskertu nahiko nuke lerro hauen bidez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila