Errezeta berriak zelula amak egiteko

Bi ikerketa desberdinetan lehenengoz lortu dute OCT4 genea erabili gabe zelulak birprogramatzea

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

errezeta-berriak-zelula-amak-egiteko
Salk Insitutuko ikertzaileek teknika berriarekin birprogramatutako zelulak. Arg. Salk Institutua

Zelula helduak birprogramatuz zelula amak lortzeko (zelula ama induzituak) bide berriak aurkitu dituzte bi ikerketa desberdinetan. Batetik, Bartzelonako Birsortze Medikuntzako Zentroko (CMRB) eta Californiako Salk Insitutuko ikertzaileek erakutsi dute zelula helduak uste baino plastikoagoak direla eta haiek birprogramatzeko orain arte erabiltzen ziren geneen ordez beste batzuk ere erabil daitezkeela. Bestetik, Beijingo Unibertsitateko ikertzaileek gene bakar bat ere erabili gabe birprogramatu dituzte sagu-zelulak, konposatu kimikoak soilik erabiliz.

Zelula helduak birprogramatzeko lehen errezeta 2006an aurkeztu zuen Shinya Yamanakak. Enbrioi-zelulatan aktiboak diren lau gene zelula helduetan txertatzean datza errezeta horrek, funtsean. Sartutako gene horiek zelula heldua birprogamatu egiten dute, eta pluripotente bihurtu. Arazoa da gene horietako bi onkogeneak direla (OCT4 eta SOX2); alegia, tumoreak sortzeko arriskua dutela. Horregatik, geroztik saio asko egin dira gene horiek erabili gabe zelula amak sortzeko, baina orain arte ez da lortu gutxienez haietako bat erabili behar izan gabe zelulak birprogramatzea (OCT4). Orain ordea, bi bidetatik lortu dute hori.

Salk Institutuko Juan Carlos Izpisúak zuzendu duen ikerketan giza zelulekin frogatu dute ez dela beharrezkoa enbrioi-zeluletan aktibo baina helduetan isilduta dauden gene horiek erabiltzea. Cell Stem Cell aldizkarian argitaratu dute lana, eta han erakutsi dute zelula helduetan aktibo diren beste zazpi generekin ere zelulak birprogramatu daitezkeela. Funtzio desberdinak dituzten geneak dira, eta gehiago ere aurkituko dituztela uste dute ikertzaileek. Gainera, azpimarratu dute garrantzitsuena ez dela gene bat edo bestea izatea, baizik eta horrek frogatzen duela zelula helduak uste baino malguagoak direla, eta birprogramatzeko hainbat bide egon daitezkeela.

Beste bide bat erabili dute, hain zuzen ere, Beijingeko ikertzaileek. Sagu-zelulekin lan egin dute haiek, eta batere generik erabili gabe birprogramatzea lortu dute. Gene birprogramatzaileak ordezkatzeko konposatuen bila aritu dira. 10.000 molekula txikiren artean bilatu ondoren, zazpi konposatuz osatutako koktel batekin lortu dute. Tratatutako zelula helduen % 0,2 birprogramatzen direla ikusi dute; alegia, beste tekniken pareko eraginkortasuna lortu dute. Birprogramatutako zelulak benetan pluripotenteak zirela frogatzeko, sagu-enbrioietan sartu zituzten, eta ikusi zuten zelula-mota nagusiak eman zituztela. Science aldizkarian argitaratu dute lana.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila