Enrico Fermi

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Fisikari italiar hau Erroman jaio zen 1901.eko irailaren 29an. 1954. urtean minbiziak jota hil zen.

Fisikari italiar hau Erroman jaio zen 1901.eko irailaren 29an. Pisako unibertsitatean bukatu zuen doktoregoa 1922. urtean, Benito Mussolini boterera heldu baino hilabete batzuk lehenago.

Harez gero bere ikerketak Alemanian egin zituen Max Born-en zuzendaritzapean, baina 1924. urtean Erromara itzuli eta 1926.ean Erromako unibertsitatean fisika-irakasle izendatu zuten.

Chadwick-ek 1932.ean neutroia aurkitu zuenez geroztik, Fermi erabat arduratu zen partikula azpiatomiko horretaz. Partikula neutroetan oso aditua zen eta ez da ahaztu behar Pauli-k postulatutakoari “neutrino” izena berak eman ziola.

Neutroia oso garrantzitsua zen, berari esker erreakzio nuklear mota asko egin zitekeelako. Elektrikoki kargarik ez zuelako, positiboki kargatutako nukleo atomikoak ez zuen aldarazten. Beraz partikula-azeleratzailerik ez zen behar neutroiari energia ematearren. Neutroiek izan ere, zenbat eta energia gutxiago eduki, hainbat eta efektu handiagoak eragiten zituzten.

Fisikako Nobel Saria eman zioten 1938. urtean, neutroi-bonbardaketaz eta neutroi termikoez egindako lanengatik.

Fermi konturatu zenez, erreakzio nuklearren hasieran neutroien efektua handiagoa zen ur- edo parafina-geruza zeharkarazten zitzaienean. Neutroi bat atomo bateko nukleoak zurgatzen duenean, nukleo berriak noizbehinka beta partikula bat igortzen du eta pisu atomiko handiagoko hurrengo elementu bihurtzen da. Fermiri uranioa neutroiz bonbardatzea bururatu zitzaion, sistema periodikoko hurrengo elementua lortzearren. Haren ustez X uranio izeneko elementu berria lortu zuen 1934.ean sistema hura aplikatuz.

Fermik neurri batean bakarrik zeukan arrazoi, bost urte geroago McMillanek frogatu zuenez. Hahn-ek arazoa ikertu zuenean, Fermik uste baino fenomeno garrantzitsuagoa zela konturatu zen. Hala ere, neutroi-bonbardaketaz eta batez ere neutroi termikoez egindako lanengatik, 1938. urtean fisikako Nobel saria eman zioten, Meitner-ek hilabete batzuk geroago fisio nuklearraren sekretua argitu baino lehen.

Dena den, Fermi familiak Italian arazo handiak zituen. Fermi antifaszista zen eta Nobel saria jasotzeko ez zuen uniforme faszistarik jantzi. Gainera emazte judua zeukan. Nobel saria jaso eta Stockholm-etik Fermi bere familiarekin Iparrameriketara joan zen betirako. 1945. urtean eman zioten iparramerikar hiritartasuna. Han fisio nuklearra ikertzen segitu zuen; katen erreakzioak ikertzen batez ere.

Bonba atomikoa produzitzeko Manhattan proiektua sortu zenean, Fermi zuzendari izendatu zuten. Arrakasta izan zuen bere pila atomikoak eta 1942. urteko abenduaren 2an Chicagoko unibertsitatean katen erreakzioa mantendu zuenean, Aro Atomikoari hasiera eman zitzaion.

Handik bi urte t’erdira, fisio-erreakzioez baliatzen ziren bonba atomikoak bota zituzten Bigarren Mundu-Gerran, Japoniako Hiroshima eta Nagasaki hiriak deuseztuz.

1945. urtean, Fermi Ikerketa Nuklearreko Institutuan hasi zen lanean eta lehen bonba atomikoa egiten parte hartu bazuen ere, fusiozko H bonba atomikoa egiteren kontrakoa zen, Oppenheimer-en antzera.

1954. urtean minbiziak jota hil zen, eta 100 zenbaki atomikoa duen elementu kimikoari “fermio” izena eman zioten, fisikari italiarraren omenetan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila