Elikadura eta minbizia

Historiako azken urteetan giza elikadurak aldaketa nabarmenak izan ditu. Ehizaren eta fruituen bidez bizi ziren, eta XX. gizaldirarte iraun dutelarik (Kalahari Hegoafrikako basamortuko boskimanoengan adibidez) gaur egungo elikadura-ohiturari buruzko ikuspegi ezin hobea ematen digu. Eguraldi epeletan bizi ziren herri prehistorikoetan, kaloria guztien % 20 bakarrik ziren gantzari lotutakoak (gaur egungo mendebaldeko ohizko dietaren erdia). Hauetatik gantz insaturatuak askoz ere gehiago ziren saturatuak baino. Bestalde, zuntz-edukia, eguneko 45 g-koa zen, eta ez mendebaldean bezala, 15 g edo gutxiagokoa, eta azido askorbikoaren kontsumoa gaur egun baino 4 aldiz handiagoa zen.

Gizakiaren eboluzioan, gizon modernoa (Homo sapiens sapiens) duela 30-50.000 urte azaldu zela onartzen badugu, giza historiaren % 90 gantz gutxiko, zuntz ugariko eta azido askorbiko askoko elikadurakoa izan dela esan daiteke.

Elikaduraren eta jan-neurrien ohiturak batipat Industri Iraultzak aldatu zituen, (bizitzeko ohiturak ere bai, orain dela 250 urte). Gantzaren kontsumoa gora zihoan neurrian, zuntzarenak behera egin zuen, eta karbohidrato konplexuen ordez, azukre errefinatuak gero eta gehiago ugaldu ziren. Ondorio gisa, gaur egungo gizakiak desfase biologikoa du: bere fisiologia (Prehistoriakoa) XX. mendeko dietarekin, aurrez aurre dago.

Gaur egungo pertsonek altuera handiagoa izatea dietari eta bizimodu sedentarioari leporatzen zaien bezala, oraingo pertsonek pisu handiegia eta gaitz kronikoak (kardiobaskularrak eta minbizia bera) arrazoi beragatik dituztela pentsatzen da.

Egin diren ikerketek azaltzen digutenez tumore batzuk garatzea eta beste batzuk ez agertzea elikadurarekin zerikusia dute. Gantzek tumore hauen garapenarekin zerikusia dute (bular, umetoki, kolon, ondeste, prostata eta areakoaren garapenarekin). Alkoholak, ahokoarekin eta hestegorrikoarekin. Nitratoek, hestegorri eta urdailekoarekin. Tumoreen aurkakotzat, hauek hartzen dira: zuntzak, A, C eta E bitaminak, zink eta selenio eta antzeko mineral batzuk.

Gaur egun, eta nahiz eta minbizia saihesteko jan-neurririk izan ez, ikerketa epidemiologikoek eta datu esperimentalek erakusten digutenez, gantz gutxiko dietak, alkohol gutxi edatea, keztatutako produktuak neurriz erabiltzea eta fruta eta barazki gehiago jatea, neurri onak dira.

Ikerketa hauen arabera, neurri hauek hartzeak ez du gaitzik egiten, eta agian elikadurarekin zerikusia duten minbizien kopurua murrizteko gai izango da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.