Ehuneko bateko aldea, ez hain txikia

Ehuneko bateko aldea, ez hain txikia
2007/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Gizakiaren eta txinpantzearen genomak oso-oso antzekoak dira; % 1eko aldea baino ez dute. Harritzekoa da, aldea hain txikia izanik, hain desberdinak izatea bi espezieak, bai fisikoki bai jokabidean, eta horren zergatia argitu nahian aritu dira ikertzaileak azken urteotan.

Ikerketen arabera, badirudi geneak noiz eta zer neurritan aktibatzen diren dela gakoa. Orain, ideia hori indartzen duten frogak aurkeztu dituzte Duke Unibertsitateko ikertzaileek. Txinpantzearen, gizakiaren eta makakoaren genomak alderatu dituzte, baina ez osorik; geneen jarduera erregulatzen duten eremu sustatzaileetan jarri dute arreta.

Zehazki, 6.280 generen eremu sustatzaileak alderatu dituzte, eta eboluzioan zenbateraino aldatu diren ere begiratu dute. Izan ere, badirudi eremu horiek ez direla gehiegi aldatu txinpantzeetan eta makakoetan; gizakietan eremuren bat asko aldatu bada, berriz, ondoriozta daiteke onuragarria delako iraun duela aldaketak eboluzioan, hautespen naturalaren bidez.

Ikertzaileek frogatu dute 575 generen eremu sustatzaileak oso desberdinak direla gizakietan; hain justu, garunaren funtzioekin eta nutrizioarekin lotuta daude gene horiek. Ikertzaileak ez dira harritu emaitzarekin; areago, glukosaren metabolismoarekin lotutako ehun bat genetan alde handia dagoela ikusita, uste dute fruituetan oinarritutako dietatik beste karbohidrato batzuetan (tuberkuluak eta sustraiak) oinarritutako dietara pasatzea lagungarria izan zela garunaren garapenerako.

1
235
2007
10
026
Eboluzioa; Genetika
Berriak labur
13
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila