Eguzkitiko neutrinoen misterioa azaltzea lortu dute

Lehendik ere egina zegoen Eguzkian gertatzen diren erreakzio termonuklearren eredua, baina teoria horren arabera Eguzkitik heldu beharreko neutrinoen kopurua ez zetorren bat behatutakoarekin.

Neutrinoak oso masa txikia eta karga elektriko neutroa duten partikula subatomikoak dira. Materia eta neutrinoen arteko elkarrekintza oso ahula da eta, horregatik, oso zaila da haiek detektatzea. Hori da, hain zuzen ere, neutrinoen berezitasunetako bat.

Hiru neutrino-mota daude, hiru partikula subatomiko desberdinei dagozkienak: elektroi neutrinoak, muoi-neutrinoak eta tau neutrinoak. Elektroi-neutrinoak Eguzkiaren nukleoan gertatzen diren erreakzio termonuklearretan sortzen dira. Mota horretako erreakzioak ulertzen direlako izan da posible gure izarrak igortzen dituen neutrino kopurua zehaztea. Baina kopuru horren hirurena bakarrik detektatzen zen orain arte, eta horrek urteetan nahastu izan ditu zientzialariak. Teoria zuzena izango ez zen zalantza zuten.

Kanadako Sudbury Neutrino Observatory-ko (SNO), teleskopioan, oso purua den 1.000 tona ur astun erabiltzen dute, eta hori dela eta, elektroi-neutrinoak ez ezik (detektatzeko errazenak dira) beste motatako neutrinoak ere detektatu ahal izan dira. Horrela, detektatutako hiru motatako neutrinoak kontuan hartuz, Eguzkian gertatzen diren erreakzioei buruzko teoria baieztatu egin da. Zientzialarien aburuz, argi eta garbi gelditu da neutrinoak eraldatu egiten direla Eguzkitik Lurrerako bidean.

Dudarik gabe, Sudbury Neutrino Observatory-ko behaketek neutrinoak hobeto ezagutzeko aukera emango dute; aurrerapauso paregabea oinarrizko fisikarentzat.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.