Duela 90.000 urte neandertalek landutako zurezko tresnak aurkitu dituzte Aranbaltzan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Arkeologoak 2013an hasi ziren aztertzen Aranbaltzako aztarnategia (Barrika, Bizkaia). Ikerketa itxi gabe dago oraindik, baina dagoeneko ikusi dute neandertal-taldeen bizileku izan zela duela 100.000 eta 44.000 urteen artean. Orain, duela 90.000 urte landutako zurezko tresnak aurkitu dituztela jakinarazi dute.

duela-90000-urte-neandertalek-landutako-zurezko-tr
Aranbaltzan aurkitutako zurezko tresnetako bat. Neandertalek egindakoa da eta 90.000 urte ditu. Arg. Joseba Rios Garaizar

Joseba Rios Garaizarrek (CENIEH) zuzendu du ikerketa, eta, haren esanean, "izugarrizko aurkikuntza da, oso gutxitan gertatzen dena". Oraingoz Europako beste bost lekutan baino ez dute halakorik topatu, tartean, Abric Romanín (Bartzelona). "Gainera, Aranbaltzan badago aukerarik hurrengo kanpainetan tresna gehiago ateratzeko", gehitu du Riosek.

Hain zuzen, Aranbaltzako ingurunea lohitsua da, eta horri esker iraun dute zurezko tresnek, normalean erraz desegiten diren arren.

Tresnen artean, 15 cm-ko objektu zorrotz bat nabarmentzen da. Azalaren analisiaren eta mikrotomografia konputerizatuaren bidez frogatu dute haginezko adar bat landuta eta sutan gogortuta egin zutela, eta lurrean zuloak egiteko erabili zutela.

CENIEHko ikertzaileekin batera, INRAPeko, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko eta Euskal Herriko, Burgosko eta Kantabriako unibertsitateetakoak aritu dira lanean. PLOS ONE aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group