Duela 42 milioi urteko sirenio-espezie bat aurkitu dute Pirinioetan

duela-42-milioi-urteko-sirenio-espezie-berri-bat-a
Arg. Rosa Alonso / Zaragozako Unibertsitatea

Pirinioetan sirenioak bizi ziren duela 42 milioi urte, itsasertzeko eremua zen garaian. Hala eman dute aditzera EHUko, Zaragozako Unibertsitateko eta Nova Lisboa Unibertsitateko ikertzaileek, Huescako Sobrarbe geoparkean aurkitutako sirenio-hezurretan oinarrituta. 300 sirenio-hezur fosil aurkitu dituzte, eta orain frogatu dute arte ezagutu gabeko sirenio-espezie bati dagozkiola.

Sobrarbesiren cardieli deitu diote, eta Scientific Reports aldizkarian eman dute haren berri. Europako mendebaldeko sireniorik zaharrena da, eta animaliaren eskeletuko ia hezur guztiak aurkitu dituzte; gutxienez, 6 banakori dagozkie, helduak eta gazteak barne.

Sobrarben aurkitutako sirenio baten garezurra, duela 42 milioi urtekoa. Arg. Zaragozako Unibertsitatea

Egungo sirenioak manatiak eta dugongoak dira. Ugaztun belarjale lurtarretatik eboluzionatu zuten, animalia erabat urtar bihurtu arte, baleak, fokak eta izurdeak bezala. “Itsas behiak” deitzen zaie hainbat hizkuntzatan, sakonera txikiko itsas belardietan jaten aritzen direlako.

Aurkitutako sirenio-espezie berria oso primitiboa da, artean lau hanka baitzituen (atzeko biak galdu gabe). Hartara, sirenioen eboluzioaren lehendabiziko urratsak nola gertatu ziren eta, batez ere, uretaranzko bidea nola egin zuten jakiteko, baliagarria izan daiteke aurkikuntza.

Aztarnategi berean, garai hartako landaretzaren eta dortoka, krokodilo, marrazo zein bestelako animalien aztarna fosilak ere aurkitu dituzte. Haiei esker jakin ahal izan dute nolakoa zen orduko habitata: antza, klima tropikaleko eta landaretza ugariko delta baten bokalea izan zen.

2009an hasi ziren Sobrarbeko aztarnategia aztertzen, Ainara Badiola Kortabitarte EHUko ikertzailearen zuzendaritzapean. Badiolak adierazi duenez, Huescako sirenio fosil hau aurkikuntzarik garrantzitsuena izan bada ere, aurretik Nafarroan ere aurkitu dituzte Eozenoko beste sirenio fosil batzuk.

2009tik ari dira lanean Sobrarbeko aztarnategian Arg. Zaragozako Unibertsitatea

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group