DNAtxip bat garatu dute arreta falta eta hiperaktibitatearen nahastea diagnostikatzeko

dnatxip-bat-garatu-dute-arreta-falta-eta-hiperakti
Araitz Molano. Arg. © Marisol Ramirez/ARGAZKI PRESS

Arreta falta eta hiperaktibitateagatiko nahastearen (TDAH) diagnostikoa hobetzen lagundu dezakeen DNAtxip bat garatu du EHUko Araitz Molano biokimikariak, bere doktore-tesian. TDAHa haurtzaroko nahaste neuropsikiatrikorik ohikoena da, % 8-12 bitarteko prebalentzia du munduko haur eta gazteen populazioan, eta % 50ak sintomekin jarraitzen du helduaroan ere. Hala ere, gaur egun ez dago tresnarik nahaste horren diagnostikoa egiteko.

TDAH duten haurrek zailtasuna dute arretari eusteko, eta ez dituzte bukatzen ematen zaizkien lanak. Gainera, jokaera inpultsiboak dituzte batzuetan, eta dauden ingurunerako jarduera gehiegizkoa eta desegokia izaten dute. "Sintoma horiek guztiek eragin larria dute pertsonaren gizarte-bizitzan, eskola-bizitzan nahiz lanean, eta inpaktu handia sortzen dute familian eta ingurune hurbilean", dio Molanok.

Lehenik, munduan TDAHrekin lotu izan diren polimorfismo genetikoekin azterketa kliniko bat egin zuten, ikusteko ea polimorfismo horiek Espainiako biztanleen artean ere gertatzen diren; "izan ere, asoziazio genetikoetan alde handia izaten da biztanleria batetik bestera" dio Molanok. Hala, 250 polimorfismo baino gehiago aztertuta 32k eman zuten emaitza positiboa. TDAHren diagnostikoarekin, nahastearen bilakaerarekin, TDAH-azpimotarekin, eta sintomen larritasunarekin lotuta daude 32 polimorfismo horiek. Hala, Molanok DNAtxip bat proposatu du 32 polimorfismoak dituena (eta etorkizunean gehiagorekin eguneratu litekeena), diagnostikorako tresna gisa erabiltzeko.

Ez dute zuzeneko asoziaziorik aurkitu, ordea, polimorfismoen eta botikei emandako erantzunaren artean (atomoxetina eta metilfenidatoa). Baina, "askotan, botikei buruz genituen datuak ez ziren zehatzak --azaldu du Molanok--, datu horiek biltzea ez baita erraza". Hain zuzen, ildo horretan ikertzen jarraituko dute: "Botiken erantzunean sakondu nahi dugu; lagin gehiago eskuratu, hobeto karakterizatuak, botika-hartzeari dagozkion aldagaiak oso ongi kontrolatuz, ea benetan hartzen ziren edo ez, eta abar".

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila