DNAren egoera aldatzeko, kirola

dnaren-egoera-aldatzeko-kirola
Arg. © KZENON/123RF

Gimnasioan bizikletan gogor ibilarazi eta 14 gizon-emakume osasuntsuren izterreko muskuluen DNA aztertu dute Suediako Karolinska Institutuko ikertzaileek. Azterketek erakutsi dute energiaren metabolismoari lotutako hainbat generen egoera epigenetikoa aldatu egin dela kirolaren eraginez. Izan ere, geneen espresioa abiarazteaz arduratzen den eskualdeak metilazioa galdu du gene horietan --DNA metilatzea geneak isiltzeko ohiko mekanismo epigenetiko bat da--. Demetilazioa ariketaren intentsitatearen mendekoa ere badela neurtu dute, gogorrago aritu diren zortzi lagunen muskuluetan handiagoa izan baita neurtutako demetilazio-maila. Metabolismoarekin zerikusirik ez duten geneetan, berriz, ez dute aldaketarik ikusi.

Ikertzaileen esanean, emaitzetatik ezin da ondorioztatu kirolak metabolismoaren geneak aktibatzen dituenik, ez baitakite neurtutako demetilazioa beharrezkoa ote den gene horiek aktibatzeko. Ikertzaileen interesgune handiena demetilazio hain azkarraren balizko mekanismoen eremuan dago, arlo ezezagun samarra baita. Ikerketaren arduradun Juleen Zierathek badu hipotesi bat: karraskarien muskulu-zelulekin laborategian egindako ikerketetan ikusi dute demetilazio bera gertatzen dela zelulak uzkurrarazten direnean, eta, horregatik, uste dute muskuluaren uzkurdura dela eragileetako bat. Halaber, karraskarien zelulei kafeina-dosi masibo bat emandakoan emaitza bera lortzen dela ere ikusi dute, muskuluaren uzkurdura imitatzen duen mekanismo bat aktibatzen delako. Edonola ere, Zierathek argi adierazi du: kafea ez da kirolaren ordezkoa. "Egunean 50en bat katilukada kafe hartu beharko lirateke, dosi hilgarria ia, zeluletan ikusi diren eraginak muskuluetan gertatzeko", esan dio Nature aldizkariari. Ikerketaren emaitzak Cell Metabolism aldizkarian argitaratu dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila