Difteria, itzuli den mamua

Orain arteko joera nagusia gaixotasunaren hedadura kontrolatzea eta ahal izanez gero murriztea izan bada ere, difteria kasu berriak ezagutu dira Errusia eta Sobietar Batasuna zeneko lurraldeetan eta argi gorria piztu da. Aurten ezagutarazi dituzte azken bi urteotan difteriak izan duen portaerari buruzko datuak.

Difteriaren hedadura handiagotu egin dela esan daiteke zalantzarik gabe. Iaz Sobietar Batasuna zeneko herrialdeetan 47.802 kasu berri detektatu zituzten eta 1.746 lagun hil egin ziren difteriak jota. Ikerlarien iritziz, populazio-mugimendu handiak gertatu izanak azal lezake gaur egungo egoera. Epidemiari aurre egiteko neurririk, ordea, ez da oraindaino ezagutzera eman.

EEBBetako Gaixotasun Kutsakorren Ikerketarako Zentruan jaso dituzte datuak eta gaixotasuna kontrolik gabe hedatzen ari dela baieztatu dute. Epe laburrean neurririk hartu ezean, inguruko lurraldeetara iritsiko omen da difteria. Arrisku-guneetzat jo dituzte Bulgaria, Finlandia, Alemania, Polonia eta Norvegia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila