Diesel motoreak

Diesel motoreek aurrerakada galanta jasan dute azken urte hauetan. Garai bateko motore pisu eta zaratatsuak ahaztuxeak dauzkagu. Lehen ia kamioitan soilik erabiltzen ziren motoreak, egun edozein automobiltxotan erabiltzen dira. Diesel motoreari buruzko ikerketak ordea, ez dira gelditu.

"Perkins" etxe britaniar ezagunak, kamioientzako diesel motore berria garatu du. Phaser izeneko motore honen ezaugarririk ikusgarriena, diseinu iraultzailea duen erreketa-ganbara da. Erreketa-ganbara honek, beste zenbait berrikuntzarekin batera, motoreak %8 erregai gutxiago kontsumitzea eta %13 potentzia gehiago izatea lortzen du. Zarata txikiagoa aterata gainera.

Hobakuntza hauek oso kalkulu-tekniko zehatzak erabilita lortu dira, bai diseinuan eta bai instrumentazio eta esperimentazioan. Esaterako, ganbararen diseinuan laser-anemometro bat erabili da, zeinak erraztu egin bait du erregaiaren nahastea burutzen duten zurrunbiloak zehatz-mehatz kontrolatzea. Laser-anemometroa, industria nuklearrean erabiltzen da gas-fluxuen oso nahasketa zehatza egiteko.

Modu honetara, diseinu tetralobulatura iritsi dira. Bestetik, erabat erabakikorra izan zen pistoiaren burua eta zilindroaren arteko lasaiera 0,43 mm-koa izatea (ohizkoa 0,17 mm-koa da). Motoreak trabarik gabe lan egiten du horrela ere. Perdoi- edo tolerantzi gehikuntza honi esker, motorearen fabrikazioa merkeagoa izango da; motorearen sendotasuna eta iraupena handiagoak gertatzen direlarik gainera.

Era berean, ganbara berri hauetan erregaiaren nahasketa lehenago egiten da. Horregatik, birabarki eta bieletan presioa txikiagotu egiten da, eta ondorioz, blokea arinagoa da. Honek, zarata-maila ohizkoa baino txikiagoa izatea dakar.

Diesel motoreentzako diseinu berriko zilindroa

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila