Dementzien prebalentzia jaitsi dela baieztatu dute, eta ikasketa-maila igotzearekin erlazionatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

dementzien-prebalentzia-jaitsi-dela-baieztatu-dute
Dementziaren prebalentzia jaisten ari dela baieztatu dute; joera hori heziketarekin lotu dute. Arg. Jabetza publikoa

2000. urtetik 2016ra, dementzien prebalentzia AEBn % 30 jaitsi dela baieztatu du ikerketa batek. PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, haren arabera, jaitsiera hori ikasketa-mailaren igoerarekin lotuta dago. Aztertutako beste aldagaiek (adina, sexua, etnia eta arrisku kardiobaskularrak) askoz ere eragin txikiagoa dute. Emaitzak ondorio garrantzitsuak ditu prebentziorako.

Artikuluan azaldu dutenez, dementzia gaixotasun hedatua, latza eta garestia da. Jakina da baldintzatzaile sozialen mende dagoela; hau da, adinak, sexuak, etniak eta heziketak eragin handia dute dementzia izatean. Horrenbestez, gizarte-desberdintasunak txikitzea lehentasuna zen Osasun Publikoarentzat. Bestalde, azken urteotan, nabaria zen  dementziaren prebalentzia jaisten ari zela; ez zekiten, ordea, zer neurritan zuen erlazioa gizarte-desberdintasunekin. 

Hori argitzeko, AEBko populazioa ordezkatzen duten 21.000 adineko (65 urtetik gorakoak) baino gehiago aztertu dituzte, hamabost urtez, adina, sexua, etnia, heziketa-maila eta arrisku kardiobaskularraren arabera, eta ia beste 100.000 adinekoen datuak ere aintzat hartu dituzte. Hala, ikusi dute, 2000. urtetik 2016ra, dementziaren prebalentzia % 12,2tik % 8,5 jaitsi dela. 

Aldagai guztiek diferentzia horrekin zer erlazio duten ikertuta, ondorioztatu dute aldagai esanguratsuena heziketa dela. Hain zuzen, denbora-tarte horretan, goi-mailako ikasketak dituzten emakumeen ehunekoa % 12tik % 23ra igo zen; eta gizonetan, % 21etik % 34ra. Dementzien jaitsiera, berriz, % 20koa izan da emakumeetan, eta % 40koa gizonetan.

Egileek iradoki dute erlazio hori kausala dela; hau da, heziketa-mailak eragin zuzena duela dementzia izateko arriskuan. Eta iragarri dute, ikasketa-maila igo ahala, dementziaren prebalentzia jaitsi egingo dela herrialdean. Hala diote, hitzez hitz: “Talde etnikoen arteko hezkuntza-arrakala ixtea tresna indartsua izan daiteke osasun-desberdintasunak murrizteko, orokorrean, eta dementzia-diferentziak, zehazki”. Horrenbestez, uste dute osasun publikoko politiken helburu garrantzitsua izan beharko lukeela.

Hezkuntzarekin batera gertatu den beste aldaketa bat ere azpimarratu dute ikertzaileek: ikasketa-maila igo ahala, hazi egin dira emakumeek lanean ematen dituzten urteak [soldatapeko lanaz ari dira]. Izan ere, ikertetaren epean, bikoiztu egin da 30 urte edo gehiagoz lan egiten duten emakumeen ehunekoa. Lanak duen eragina ez dute aztertu, baina iruditzen zaie lanak eskatzen duen ahalegin kognitiboak eragina izan dezakeela, ez soilik ikasketa-maila handiagoa izateak.

Europan ere antzeko jaitsiera izan da dementziaren prebalentzian, eta, han bezala, emakumeetan prebalentzia handiagoa da, gizonetan baino. Hala ere, populazioa hazten eta zahartzen ari denez, oro har, dementzia-kasuak igo egingo direla aurreikusten du Alzheimerraren Europako Fundazioak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila