Darwin-en gogoko txoria

Darwinek, hautespen naturalaren teoria proposatu zuenean, ez zuen bere teoria baiezta zezakeen froga errealik aurkeztu, eta froga horiek geroago aurkitu izan dira. Berriki Kaliforniako Unibertsitateko biologo-talde batek plazaraturiko emaitzen arabera, baliteke Erdialdeko Asiako baso epeletan bizi den Phylloscopus trochiloides espezieko txoriak teoria horren ebidentzia berri bat ematea .

Izan ere, txori txiki abeslari hori adituek "eraztun-espeziea" deritzoten espeziekoa baita. Baina zer esan nahi du horrek? Bada, organismo-talde bakarrean orotariko bariazio-mailak aurki daitezkeela, auzoko populazioen artean desberdintasun txikiak zein handiak egon daitezkeela. Txori hori Tibet inguratzen duen lurralde osoan aurki daiteke eta, ikertzaileen arabera, eraztuna leku bakar batean eteten da, Erdialdeko Siberian; bertan, genetikoki inongo harremanik ez duten bi txori-mota bizi dira elkarrekin. Populazio-eraztunaren muturretan, beraz, elkarrekin harremanik ez duten bi forma daude. Txori horiek ez dira gai bata bestearen kantua ezagutzeko eta gaitasun hori, hain zuzen ere, oso garrantzitsua da bikotearen hautespenerako. Esan daiteke, beraz, espezie desberdinak izango balira legez jokatzen dutela.

Hortaz, emaitza horiek Darwinen usteak baieztatzen dituzte. Hots, eboluzioan gertatzen diren aldaketa txikiek espezie bereko animaliak beren artean ez ugaltzera bultza ditzaketela, hau da, espezieen artean ugalketa-isolamenduak sortzen dituzten aldaketak eragin ditzaketela.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.