Cecilia Andersson - Argazkilaria

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

“Zientziak ere irudien bitartez xarmatu nahi gaitu”

“Ingalaterran sukar aftosoaren arazoa sortu zenean, egunkari gehienetan ikusten zen irudia birusarena zen. Ordenagailuz egin zuten, noski. Oso polita eta erakargarria zen. Jendeak irudia ikustean ezin zuen ulertu hain gauza politak nolatan sor zezakeen horrelako gaixotasuna.” Adibide horrekin, zientziak artearen beharra duela adierazi nahi zuen Ceciliak.

Zientzia gero eta gertuago dago guztion eguneroko bizitzan. Horregatik, zientzian parte hartzeko jardueretan murgiltzea garrantzitsua iruditzen zaio, norberari dagokion ikuspuntutik. Bere kasuan landu beharreko esparrua artea da.

Cecilia Andersson.
G. Roa Zubia

Artista suediarrak argazkilaritza du ohiko bidea, baina beste hainbat euskarri ere probatu ditu. Gaur egun, adibidez, genetikaren salerosketari buruzko gogoeta egiten duen proiektu artistikoan sartuta dago. Edozeinen ezaugarri fisikoak merkaturatzeko aukera emango lukeen web gune bati buruzko obra da. Proiektuari www.dnagarden.com izenburua eman diote eta gaurkotasun handiko bi gai batera tratatu nahi ditu, genetika eta Internet, alegia.

Cecilia biokimikako laborategi batean egon zen zientzialarien lana nolakoa den ikusteko. Gainera, naturaren diseinuaren inguruko azterketak egin ditu eta, horrelako esperientzietatik abiatuta, argazki-serie batzuen bitarteko lengoaia asmatu du. Argazki horiek ez dira negatiboekin egin, baizik eta landare-zatiak handigailuan jarriz. Proiektu horretan argazkilaritza “ugaltzeko” bidetzat hartzen da.

Arteak zientziari zer eskaintzen ote dion galderaren aurrean, Ceciliak ikuspuntu berria eman digu. “Agian ez da galdera hori planteatu behar. Artea egiteko prozesua bera ez dago zertan justifikatu.” Dena dela, horrek ez du esan nahi arteak ez duenik zientziarako baliagarria den funtziorik betetzen.

“Zientziak arazo larriak ditu gizartean bere irudiarekin”. Arazo hori dibulgazioan ere islatzen da eta lan horretan laguntzeko artearen beharra dago neurri batean edo bestean. Askotan irudia ezinbestekoa da zientziaren kontzeptuak azaldu ahal izateko. Beste batzuetan, besterik ez bada ere, ilustratzeko. Adibidea sukar aftosoaren birusa da.

Bestalde, artearen ikuspuntua baliagarria da teknologia berrien funtzioa definitzeko. Zientziaren azken helburua jakinduria handitzea bada, jakinduria hori erabiltzeko proposamen asko artetik datoz. “Argi dago. Zientzian parte hartu behar da, gizartearen osagai garrantzitsua delako”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila