Bularreko minbizian, erresistentziaren giltza SOX2 proteina dela argitu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

bularreko-minbizian-erresistentziaren-giltza-sox2-
Maria Vivanco ikerketa-burua. Arg. CICbioGUNE

CIC bioGUNEko ikertzaileek aurrerapauso garrantzitsua eman dute bularreko minbiziaren tratamenduarekiko erresistentzia ulertzeko. Hain zuzen ere, pazienteen herenak edo gehiagok ez diote ondo erantzuten ohiko tratamendu hormonalari, tamoxifenoaren bidezkoari. Orain, Galdakaoko ospitalearen eta Preteimagen klinikaren lankidetzarekin, erresistentziaren gakoa zein den argitu dute CICbioGUNEko ikertzaileek.

MBO Molecular Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, haren arabera, SOX2 proteina da giltza. Izan ere, SOX2 genearen espresioa handia denean, tamoxifenoarekiko sentikortasuna gutxitu egiten da, bai in vivo, bai in vitro. Eta alderantziz: SOX2 genea isilaraziz gero, tamoxifenoarekiko sentikortasuna areagotu egiten da minbizi-zeluletan.

Beraz, erlazio zuzena dago SOX2 proteinaren eta erresistentziaren artean. Maria Vivanco ikerketa-buruaren esanean, “gure ikerketan parte hartu duten emakumeetan, tratamenduarekiko erresistenteak ziren guztietan ikusi dugu SOX2 proteina gehiago zutela tratamenduari ondo erantzun dietenak baino”. Gainera, minbizia birsortzen duten zelulek iraun dezaten ere laguntzen du SOX2 proteinak. Horrenbestez, SOX2 proteina biomarkatzaile egokia izan daitekeela uste du Vivancok: “Proteina-maila begiratuta, tratamenduarekiko erantzuna aurreikusteko aukera dugu”.

Erresistentzia ematen duen proteina identifikatzeaz gain, nola eragiten duen ere ikusi dute. Nonbait, SOX2  proteinak Wnt izeneko seinaleztapen-bidea aktibatzen du, eta horren ondorioz bihurtzen dira erresistente minbizi-zelulak. Emaitza hori bat dator Wnt seinaleztapen-bidearen akatsak minbiziarekin lotzen zirela erakusten zuten beste ikerketa batzuekin.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.