BTEK, Euskadiko Teknologiaren Interpretazio Zentroa, aurkeztu dute

BTEK, Euskadiko Teknologiaren Interpretazio Zentroa, aurkeztu dute
2007/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: L. Cancio)

Joan den maiatzean, BTEK proiektua aurkeztu zuten. Euskadiko lehenengo Teknologiaren Interpretazio Zentroa izango da BTEK, eta Bizkaiko Parke Teknologikoan irekiko ditu ateak 2008ko azken hiruhilekoan.

BTEKen helburua da kultura teknologikoa eta berritzailea gazteen artean sustatzea. Abangoardiako eraikin bat eraikitzen ari dira, eta, barruan, erakusketa iraunkor bat izateaz gain, aldi baterako erakusketak eta tailerrak antolatuko dituzte ikasleentzat.

Erakusketa iraunkorrak gaur egun sendotuta dagoen teknologia hartuko du gaitzat, eta hiru eremu izango ditu: Internet, etxea eta garraioak. Interneteko guneari dagokionez, bisitariek, esate baterako, sistema elektronikoak, teknologia digitala, sarearen funtzionamendua, GPSa eta hori bezalako beste zenbait sistema ezagutzeko aukera izango dute. Etxeko eremuan, aldiz, besteak beste gai hauek landuko dira: energia nola aurreztu, ingurumen adimenduna, jasangarritasuna, biozientziak, eguzki-energia eta hidrogenoa energia-iturri gisa. Azkenik, garraioaren gunean, aerodinamika, elektronika, materialak eta mekanika landuko dira, besteak beste.

Proiektu honen fundatzaileak Bizkaiko Teknologia Parkea, Elhuyar Fundazioa eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa dira; horiei Euskal Herriko Unibertsitatea eta Tecnalia eta IK4 korporazio teknologikoak elkartu zaizkie. Bestalde, proiektua aurrera eramateko, honako erakunde hauen babesa dute: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailak, Bizkaiko Foru Aldundia eta Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa.

1
232
2007
6
012
Museoak; Elhuyarren berriak
Berriak labur
7
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila