Bizia aurkitu dute Antartikako izotz azpiko laku batean

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

bizia-aurkitu-dute-antartikako-izotz-azpiko-laku-b
Whilans lakuan egin duten zuloa, kontaminazioaren aurkako babes-egiturarekin inguratua. Zuloak 0,5 m-ko diametroa du eta 800 m-ko sakonera. Arg. Alberto Behar / JPL/ASU & NSF/NASA

Antartikan, zortziehun metroko izotz geruzaren azpian dagoen Whillans lakuan bizia aurkitu dute ikertzaile estatubatuarrek. Urtarrilaren 28an iritsi ziren izotz azpiko lakura, eta handik hartutako ur- eta sedimentu-laginetan mikroorganismoak aurkitu dituzte.

Lakuko ur-mililitroko 1.000 mikroorganismo aurkitu dituzte, itsasoko mikroorganismo-ugaritasunaren hamarren bat da hori, gutxi gorabehera. Orain, ze motatako mikroorganismoak diren jakiteko, DNA-azterketak egingo dituzte. Argi dagoena da eguzki-argirik gabe bizi direla, eta ikertzaileek uste dute seguruenik materia organikotik edo hondoko mineraletatik energia erauzteko gai diren bakterioak izango direla.

Bitartean, iaz Vostok lakura iritsi ziren errusiarrak ere bizidunak aurkitu nahian dabiltza, baina, oraingoz, ez dute arrastorik topatu.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila